Donostia ekialdeko bizilagunen "bizimodua hobetzea" du helburu EH Bilduk
EH Bilduren “lan ildo nagusietako bat Altzako, Intxaurrondoko eta Bidebietako bizilagunen bizimodua hobetzea” da, eta aspalditik horren alde lan egiten dabiltzala azaldu dute: “EH Bilduk udal gobernuaren erantzukizuna bere gain hartu zuenean, 2011n, hiriko arazo oso larri bat konpontzeko konpromisoa hartu zuen: Martutenen eta Txomiñenean aldizka izaten ziren uholdeekin amaitzea. […] Hura bideratu ondoren, esan genuen hiriaren hurrengo erronkak Altzak, Intxaurrondok eta Bidebietak hiriko gainerako auzoekiko dituzten desorekak ezabatzea izan behar zuela”.
Horregatik, Donostia ekialdea zeharkatuz udaletxeraino zihoan hiri martxa antolatu zuten atzo, Donostian bizi eta lan egin nahi dutela aldarrikatzeko. Bidean adierazi zuten Altzak, Bidebietak eta Intxaurrondok proiektu ekonomiko traktoreak, udal zerbitzuak, eta kultur etxea behar dituztela aldarrikatu zuten, bertan bizi eta lan egin ahal izateko. Proiektu traktore moduan Altzako Eraikuntza Institutuan kooperatibentzako gune bat sortzea proposatu du EH Bilduk, besteak beste.
Hala ere, udal gobernuak “eredu zentralistaren” aldeko apustua egiten duela salatu dute, “inbertsio gehienak erdigunerako pentsatuta baitaude”. Donostian, betidanik dikotomia bat izan dela gaineratu dute: “Zerbitzuak erdigunean eta ekialdean etxebizitzak. Eta ukaezina da hiriko oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko zailtasunek eta proiektu traktore berririk ez sustatzeak desberdintasun sozioekonomikoak areagotzen dituztela. Gainera, hiri ekipamendu eta zerbitzuen gabeziak herritarren eskubide oinarrizkoenak bete-betean gauzatzea oztopatzen du”.
Horrela, desorekak agerian uzteko, hainbat datu nabarmendu dituzte. Hiriaren ekialdean 44.840 pertsona bizi direla gogoratu dute –Bidebieta (8.951), Altza (20.450) eta Intxaurrondo (15.439)–, “lau donostiarretik bat”, baita hiru auzo horiek beti hiriko langabezia datu altuenak dituztela azpimarratu ere. Familia errentaren kasuan ere antzeko fenomenoa gertatzen dela nabarmendu dute: “Altzako etxeetan urtean sartzen den batez besteko dirua Zorroaga- Miramonen baino 3,5 aldiz txikiagoa da. Eta urtetik urtera handitzen doa tartea”. Era berean, deitoratu dute Altzan, Bidebietan eta Intxaurrondon gainerako auzoetan baino pertsona gutxiagok dituztela goi mailako ikasketak, eta pertsona gutxiago daudela zuzendari edo profesional tekniko lanpostuetan. Bestalde, “Altzan, Bidebietan eta Intxaurrondon batez besteko bizitza itxaropena Aieten baino lau urte txikiagoa da”, gaineratu dute.
Hori dela eta, bizilagunek auzo horietan zerbitzuak eta azpiegiturak izateko betidanik asko borrokatu behar izan dutela nabarmendu dute: “Adibide historiko asko daude: 1960ko eta 1970eko hamarkadetako autobus zerbitzuaren eta argiztapen publikoaren aldeko borroka, anbulatorioa, Larratxoko haurtzaindegia, eta abar. Ondorengo adibideak ere ez dira falta: Bidebietako institutua ez ixteko antolatutako ‘marea horia’; Intxaurrondoko trenbideak lurperatzeko borroka; Altzako behin-behineko kiroldegia eskatzeko dinamikak; Intxaurrondon barruko mikrobus zerbitzu bat ezartzeko aldarrikapenak; Bidebietako kultur etxearen aldeko sinadura bilketa, eta abar”.