"Ez dugu kuartel zaharrik ezta berririk ere behar", aldarrikatu dute Loiolan
Loiolako kuartelen proiektuaren aurrean, Kuartel Berririk Ez plataforma sortu dute hainbat eragilek, eta prentsaurrekoa eskaini zuen atzo Loiolako Latsari plazan. Izan ere, EAJk eta Espainiako Gobernuak iaz itxitako aurrekontu akordioaren arabera, Espainiako Defentsa Ministerioak kuartelen lursaila Donostiako Udalari besterenduko dio 2021ean -horretarako batzordea sortu dute dagoeneko-, eta udalak eremu hori urbanizatzeko asmoa du. Horrela, Defentsa Ministerioak Urumea ibaiaren beste aldean, hipikaren eremuan (bere jabetzakoa da), eraikiko ditu kuartel berriak.
Horren aurrean sortu dute Kuartel Berririk Ez plataforma: “Munduak kuartel berririk behar ez duela pentsatzen dugulako, uste dugu beharrezkoa dela herritarrak sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko kanpaina zabal eta plural bat egitea”. Era berean, iragarri dute mozio bat aurkeztuko dutela udalean, udalak ez dezala ordaindu gaur egungo Loiolako kuartelen lursaila berreskuratzeko, eta ibaiaren beste aldean beste kuartel bat ez eraikitzeko. Momentuz, honako eragile hauek osatzen dute plataforma: Bake Ekintza Antimilitarista, Donostiako Asamblada Feminista, Ehun Ehuntzen, Ernai, Eguzki, Ikama, Jaizkibel Militarrik Gabe, Komite Internazionalistak, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Satorralaia, SETEM, CGT, CNT, ELA, ESK, LAB, STEILAS, Alternatiba, Antikapitalistak, EH Bildu, EPK, Ezker Anitza, Plazandreok, Ahal Dugu, Sortu, Donostialdeko Eskubide Sozialen Karta eta Piztu Donostia.
Plataformak nabarmendu du udalak ez lukeela kuartelen lursailarengatik dirurik ordaindu behar: “1920an Defentsa Ministerioak partikular bati kuartela eraiki zen lursailarengatik ordaindutako diru kopurua ezin da bereizi Donostiak aurreko mendeetan jasan zituen espazio publikoen akaparazio militarraren eta ondoz ondoko salmenta espekulatiboen prozesu historikoetatik”. Zera gaineratu dute: “30 urteko blokeo espekulatibo baten ondoren militarrek jarriko diote prezioa lur horri, eta ondorioz, bertan zer eraikiko den baldintzatuko dute”.
Bestalde, “ez dugu kuartel zahar ezta berririk ere behar, ez Donostian ez inon”, azpimarratu dute, eta salatu dute ez dutela nahi “gerra entrenamendurako balioko duen kuartel berri bat”.