Ostalaritzaren itxiera ordua 22:00etatik 00:00etara luzatuko dute
Arratsaldeko 16:30ean elkartu dira LABI batzordeko kideak, eta ostalaritzaren itxiera ordua bi ordu luzatzea erabaki dute. Hau dela eta, asteazken honetatik aurrera tabernek eta jatetxeek 00:00etan itxi ahal izango dute. Beste lau erabaki ere hartu dituzte batzordean: kanpoko kirol jarduerek ez dute jende kopuru mugarik izango, autobusak gaueko 00:00ak arte ibili ahal izango dira, aisialdi taldeak gehienez hamar lagunekoak izango dira, eta kanpoko erakusketetan eta gune turistikoetako bisitak gehienez hamar pertsonako taldeetan egingo dira.
Hala eta guztiz ere, beste bederatzi neurri onartu dituzte, baina behin-behinekoz bertan behera utzi dituzte, eta pandemiaren bilakaeraren arabera onartuko dira. Hauek dira bederatzi neurriak:
- Ostalaritzaren eta establezimenduen itxiera ordua 01:00etara luzatzea.
- Aforoak handitzea merkatuetan, ferietan, gurtze guneetan eta kanpoko kultura ekitaldietan.
- Ekitaldietako edukierak handitzea, barruan gehienez 600era, eta kanpoan gehienez 800era.
- Taberna eta jatetxeetan mahai bakoitzeko pertsonen kopurua seira handitzea.
- Elkarte gastronomikoak irekitzea.
- Barneko kirol jarduerak ahalbidetzea, gehienez hamar pertsonako taldeetan.
- Kirol jardueretan publikoa %60ko aforoarekin baimentzea, kanpoan gehienez 1.200 eta barruan gehienez 800 pertsonara mugatuz.
- Bisita gidatuen taldeak handitzea.
- Hotel, kanpin, igerileku eta terrazen aforoak %60ra handitzea.
Bertan behera utzi dituzten neurri hauek indarrean sartzeko, osasun unitate guztietan ZIUaren okupazioak bigarren mailakoa izan beharko du, edo Euskal Autonomia Erkidegoko intzidentzia metatuak 150etik behera egon beharko du.