Bizitza jasangarriak martxan jartzeko ikastaroa egingo du Mugarik Gabe elkarteak
Mugarik Gabe elkarteak EHUko Udako Ikastaroen baitan, hilaren 17an eta 18an Oraindik garaiz gabiltza ikastaro praktikoa antolatu du. Bizitza jasangarriak nola aldarrikatu eta nola martxan jar daitezkeen lantzea da helburua. Ikasle zein gaiarekiko eta eraldaketa sozialarekiko interesa duten pertsona orori zuzendua dago. Nagusiki gaztelaniaz izango da, eta 5 euroko kostua du.
Hona hemen ikastaroaren aurkezpena: “Ekomenpekotasuna (naturaren baitan gaude) eta Elkarren menpekotasuna (beste pertsonen zaintzak behar ditugu) gaurkotasun handiko bi kontzeptu dira eta ikastaro honetan jorratzen diren gaiekin erabat bat egiten dute, are gehiago oraindik bizi dugun Ppandemia egoeran. Ikastaroan bi ikuspegi horiek kontutan izango dira hasiera batean bizi dugun testuingurua eta garaia aztertzen direnean. Ondoren, berriz, maila pertsonalean eta jendarte moduan egin ditzakegun aldarrikapenak eta gure gain hartu beharko genituzkeen aldaketak jorratuko dira lan taldeetan, lau eremuetatik habiatuta: energia, elikadura, zaintzak eta ekonomia”.
Ikus-entzunezkoekin, Internet bidez eta zuzeneko dinamikak erabilita honela lan egingo dute bi eguneko ikastaro honetan: “Aztertuz, egun nola eusten diren gure mundua eta gure bizimodua. Aldarrikatuz, bizimodu jasangarrietarantz joateko aldarrikapen nagusietan murgitzea. Eta arituz, bizimodu jasangarria lortzeko eraldaketari bide emateko egunerokoan egin dezakeguna”.
Izena emateko helbide honetan sartu behar da.