Mari Jose Bravoren omenezko plaka jarriko dute Loiolako Latsarien plazan
Donostiako Udalak plaka bat jarriko du larunbatean, ekainaren 5ean, Mari Jose Bravoren omenez. Batallon Vasco Español talde parapolizialak hil zuen 1980an. Plaka jartzeko ekitaldia 12:00etan izango da Loiolako Latsarien plazan. Omenaldi xumea izango da, eta Eneko Goia alkateak eta udal taldeetako ordezkariek parte hartuko dute.
Mari Jose Bravo 16 urteko ikasle gaztea Batallon Vasco Españolek bortxatua eta kolpatua hil zen 1980ko maiatzaren 7an. Javier Rueda bere bikotekidea ere gogor jo zuten eta ondorio fisiko larriak izan zituen. Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko udalaren egitasmoaren baitako hamabigarren plaka izango da.
Iaz 40 urte bete ziren Batallon Vasco Español talde parapolizialak Bravo bortxatu eta hil zutenetik, eta Javier Rueda larriki zaurituta utzi. Gertakaria ez zuten inoiz ikertu, eta ez du inork ordaindu. Horren inguruko erreportajea argitaratu zuen IRUTXULOKO HITZAk.