Realaren nesken taldea profesionala izango da datorren denboralditik aurrera
Kirol Kontseilu Nagusiak emakumezkoen lehen mailaren izena aldatuko du datorren denboraldian, eta Primera Iberdrola ordez Liga Ellas deituko da. Jokalarien gutxieneko baldintzak aldatuko dituzte, eta maila profesionala izatera igaroko da; ekainaren 15an egingo da aldaketa hau.
Jokalariek aitorpen eta babes maila altuagoa izango dute, eta talde guztiei gutxieneko baldintzak eskatuko zaizkie. Bestalde, telebistako eskubideetatik eskuratutako dirua hobeto banatuko da talde guztien artean.
Ligaren antolaketa berri hau Kirol Kontseilu Nagusiaren eta Espainiako Futbol Federazioaren arteko akordio baten bidez atera dute aurrera, eta 2024. urtera arte egongo da indarrean. Talde batzuei erraza egingo zaie gutxieneko baldintza hauek betetzea, baina baliabide gutxiago dituzten taldeei lagundu egingo diela ziurtatu du Kirol Kontseilu Nagusiak.
Akordio berri honi esker, gutxieneko soldatak igoko dituzte, eta Espainiako Futbolista Elkarteak eskatu du 2020. urtean sinatutako hitzarmenean hitzartutako soldatak baino handiagoak izatea; hitzarmen honen arabera, futbolisten gutxieneko soldata urtean 16.000 euro dira, gutxieneko %75eko partzialtasunarekin. Sindikatuak partzialtasun honekin amaitzea eskatzen du.