Zazpi urteko espetxe zigorra berretsi dute indarkeria matxistagatik zigortutako abokatu donostiar batentzat
Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du 2019an Miguel Alonso Belza abokatu donostiarrari ezarritako zazpi urteko espetxe zigorra, indarkeria matxista dela eta. Alonso Belza indarkeria matxistaren auzian aditutzat zuten 2017ra arte, besteak beste, Nagore Laffageren erailketa matxistaren kasuan gaztearen familiaren abokatua baitzen. Era berean, indarkeria matxistari buruzko ikastaroak eskaintzen zituen Ertzaintzan, EHUn klaseak emandakoa eta ETBko tertulia batzuetan parte hartutakoa da, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko zein Kriminologiaren Euskal Institutuko kide zen eta indarkeria matxista kasuetarako txandako abokatua zen Gipuzkoan.
2017an, aldiz, kargu eta jarduera horietatik guztietatik kanporatu zuten, Alonso Belzak haren bikotekideari tratu txarrak eman zizkiola salatu baitzuten orduan. Gipuzkoako Auzitegiak 2019an zigortu zuen abokatua, eta hainbat delituk osatzen dute zigorra, lesioekin, bortxa arinarekin eta tratu txarrekin lotura dutenak. Orain, zigor hori berretsi egin du Espainiako Auzitegi Gorenak, “gertatutakoarekiko proportzionala” dela ondorioztatu baitu.
Indarkeria matxistaren alorrean aditua zenez, Gipuzkoako Auzitegiak 2019ko epaian nabarmendu zuen akusatuak “zigor arloko gaitzespenik handiena” merezi zuela, “uneoro jakin zuelako bere jokabidea legez kanpokoa zela”.
