Antzerkia Donostiako kaleetara itzuliko da udan
Trapu Zaharra konpainiaren 'Mesede bat egitearren' obra, Donostiako kaleetan. (Argazkia: Donostia Kultura) Pandemia dela eta 2020ko udan bertan behera gelditu ondoren, Antzerkia Kalean egitasmoa Donostiara itzuliko da hilaren 11tik irailaren 10era. Horrela, udako hilabeteetan hemezortzi antzerki eta dantza konpainiaren 25 emanaldi egingo dituzte Donostiako auzoetako plaza, kale eta parkeetan, eta horietako 21 antzerki obrak izango dira. Aieten, Altzan, Amaran, Antiguan, Bidebietan, Egian, Grosen, Intxaurrondon, Igeldon, Loiolan eta Martutenen egingo dituzte ikuskizunak. Antzerkia Kalean egitasmoko egitarau osoa Donostia Kulturaren webgunean kontsultatu daiteke.
Haur eta familientzako zein helduentzako emanaldiak eskainiko dituzte, eta, besteak beste, honako konpainia hauen obrak ikusi ahal izango dira: Potxin eta Patxin, Sarini Zirko, Zirika Zirkus, Zirkozaurre, Tomaxen abenturak, Irrien Lagunak, Ameztu Produkzioak, Eidabe, Rouge Elea, Hortzmuga, Trotamundos, Rojo Telon, Circo Chosco, Gari, Montxo eta Joselontxo, Trapu Zaharra, Dantzaz eta Chei Jurado & Akira Yoshida.
