Garbiketa kolektiboa egingo dute igandean Ulian
Ulia mendia. (Argazkia: Uliako Auzo Elkartea) Ecolimpieza ciudadana taldearen eskutik, Ulia mendiko zikinkeria kentzeko garbiketa saio kolektiboa dute igandean, hilaren 6an. Jarduera irekia izango da, eta parte hartu nahi dutenek Okendo Kultur Etxeko atean egon beharko dute 11:00etan. Handik, Uliako aparkalekuraino igoko dira, eta bidean, aparkalekuan bertan eta inguruan aurkitzen duten zabor guztia jasoko dute. Ondoren, aterpetxeko bidea hartuko dute, eta Zubiri Manteo ikastetxeraino jaitsiko dira.
Donostiako Udalak berriki abiarazitako Zero Plastik kanpainaren barruan egingo dute garbiketa saioa. Hirian plastikoaren kontsumoa %17 murrizteko helburuarekin abiatu dute kanpaina, eta beste garbiketa saio kolektibo batzuk ere egingo dituzte: hilaren 12an Urumean barrena ibiliko dira kanoan eta paddle surfeko tauletan, ibaitik aurkitzen dituzten pneumatiko guztiak kentzeko (izena eman behar da, ingurumena@donostia.eus helbidera idatzita; izena ematen duten guztien artean zozketa egingo dute, eta egunean bertan jarriko dira hautatuekin harremanetan). Bestalde, hilaren 27an Igeldon egingo dute garbiketa kolektiboa, 11:00etatik 13:00etara.
