9.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena dagoeneko 'Hondalea' ikusteko
'Hondalea' eskulturak itsas leize bat irudikatzen du. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) Egunotan ari dira Santa Klara irlako itsasargiko Hondalea esku hartze artistikoa aurkezten, eta larunbatean, hilaren 5ean irekiko dute herritar guztientzat. Oraindik irekita ez badago ere, Cristina Iglesias artista donostiarraren obra bisitatzeko eskaera ugari jaso ditu Donostiako Udalak dagoeneko: 9.200 lagunek eman dute izena orain arte. Horrela, irailera arteko asteburuetako plaza guztiak beteta daude jada, eta egun guztietako plazak beteta daude ekainean eta uztailean.
Larunbatetik irailaren 30era arte bisitatu ahal izango da Hondalea, egunero, 11:00etatik 19:00etara. Sarrera doakoa izango da, eta 30 minuturo egingo dituzte bisitak, talde txikietan eta 20 minutuko iraupenarekin. Itsasargiko artelana ikustera joan ahal izateko, izena eman behar da, udalak bere webgunean Hondalea-rentzat sortu duen atal berezian.
Bestalde, esku hartzean bi orduko bisita gidatuak ere egingo dituzte, baina urriaren 1etik 31ra soilik izango dira horiek. 30 euroko prezioa izango dute pertsonako, eta kaitik abiatuko dira, itsasontzian. Horietarako izen-ematea, ordea, hilaren 5ean irekiko dute, aipatu webgune beraren bidez.
Hedabideentzako bisita gidatua egin zuten asteartean Iglesiasen eskutik, eta IRUTXULOKO HITZAk Hondalea-ren lehenengo irudiak argitaratu zituen. Gaur, aldiz, erakunde aurkezpena egin dute, eta Eneko Goia alkatea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Iñigo Urkullu lehendakaria, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria, Iglesias bera eta Norman Foster arkitekto britainiar ezaguna izan dira han.
2016an Urrezko Danborra eskuratu ondoren, Iglesiasen obra Donostian ikus daiteke dagoeneko. Bost urteko prozesua izan da, eta eztabaida sortu du hirian, udalak horretarako bideratu duen aurrekontuarengatik, bereziki: 1,5 milioi euro inguruko aurrekontuarekin hasi zen, eta 5 milioi ingurukoa izan da azkenean aurrekontu osoa. Horregatik, udaleko oposizioa “oso kezkatuta” agertu da aste honetan.
