'Hondalea' erakusketa inauguratu dute, irlako esku hartzearen erakusketa "osagarria"
'Hondalea' erakusketa, San Telmo Museoko laborategian. (Argazkia: San Telmo Museoa) Gaur aurkeztu dute modu ofizialean Santa Klara irlako itsasargiko Hondalea, Cristina Iglesias artista donostiarraren esku hartze artistikoa, baita haren osagarri den eta izen bera duen San Telmo Museoko erakusketa ere. Iglesias “oso eskertuta” agertu da aurkezpenean, eta nabarmendu du uharteko esku hartzea ikustetik bueltan bisitatzeko erakusketa aproposa dela San Telmokoa, “osagarritzat”. Era berean, “askotariko arrazoiengatik itsasargira joaterik ez dutenek Hondalea-ren esperientzia bizitzeko” aukera ona ere badela gaineratu du, eta herritar guztiak irlako esku hartzea eta erakusketa bisitatzera animatu ditu.

Jon Insausti Kultura zinegotziak, Cristina Iglesias artistak, San Telmo Museoko arduradun batek eta Eneko Goia alkateak aurkeztu dute San Telmo Museoko ‘Hondalea’ erakusketa. (Argazkia: Beñat Parra)
Jon Insausti Kultura zinegotziak azpimarratu du erakusketak San Telmo Museoaren estiloari jarraitzen diola, “zaharra eta berria uztartzen” dituelako, eta adierazi du bisitariak “leku intimo batera” eramango dituela erakusketak. “Hondalea ondarea da dagoeneko”, gaineratu du.
Obra prestatzeko marrazkien, kobrezko xafla gainetan egindako lan berrien, eskultura baten eta hiritik uhartera egindako bidaia gogorarazten duen bideo baten bidez, Iglesiasen eskulturaren ideia nagusietako batzuk eta bere sorkuntza prozesua jasotzen ditu erakusketak. Irailaren 26ra arte egongo da ikusgai, doan. Asteartetik igandera bisitatu ahalko da, 10:00etatik 20:00etara.
