Donostia, Euskal Herriko etxebizitzarik garestiena duen hiru hirietako bat
Gaindegia behategiaren azken azterketaren arabera, Donostia Euskal Herriko hirugarren hiririk garestiena da etxebizitzaren salerosketa librearen merkatuan, eta bigarren garestiena alokairuaren merkatuan. Salerosketari dagokionez, Miarritze eta Angelu soilik daude Donostiaren gainetik, eta alokairuan, aldiz, Miarritze da Donostia baino garestiagoa den bakarra.
Euskal Herriko 25.000 biztanletik gorako udalerrietako metro koadroak zenbat balio duen kalkulatu du Gaindegiak, eta honakoak dira garestienak: Miarritzekoak 6.489 euro balio ditu batez beste, Angelukoak 4.800 euro, Donostiakoak 3.737 euro, Baionakoak 3.383 euro, Getxokoak 2.994 euro, Leioakoak 2.611 euro eta Bilbokoak 2.510 euro. Hiribururik merkeenak, aldiz, Maule-Lextarre (1.233 euro) eta Iruñea (1.848 euro) dira.
Alokairuari dagokionez, Miarritzen 15,5 euro ordaintzen da metro koadroa hilean, batez beste, eta Donostian, 14,6 euro. Aldiz, Arabako Errioxan, Aiaraldean eta Arratian daude alokairurik merkeenak. Gaindegiak zera ondorioztatu du bere ikerketan: pandemiak murriztu egin du etxebizitzaren merkatuaren igoera Hego Euskal Herrian, baina ez Iparraldean.
Gazteen emantzipazioa ere aztertu dute, eta, datuen arabera, 20 eta 34 urte arteko emantzipazioa 3,4 puntu apaldu da Hego Euskal Herrian. Hain zuzen, hamar gaztetik sei gurasoen etxean bizi dira orain. Iparraldean, aldiz, gazteen hiru laurdenak gurasoen etxetik kanpo bizi dira. Horrela, azaldu dute Donostialdeko gazteek, emantzipatzerakoan, Astigarragara, Lasarte-Oriara, Errenteriara eta Hernanira jotzen dute, eta antzeko fenomenoa gertatzen da beste lurralde batzuetan ere.
Datu guztiak Gaindegiaren webgunean kontsultatu daitezke, bai etxebizitzaren merkatuari dagozkionak eta bai gazteen emantzipazioari dagozkionak.