Donostiako adin txikiko batek salatu du arte martzialetako entrenatzaileak sexu abusuak egin dizkiola
Donostiako adin txikiko batek salatu du arte martzialetako bere entrenatzaileak sexu abusuak egin dizkiola, Efe albiste agentziak jakin duenez. Adingabeak duela hilabete inguru jarri zuen salaketa, entrenatzaileak 2018an egin zizkion sexu abusuengatik.
Salaketaren arabera, gizona mezuak idazten hasi zitzaion, “gero eta traza sexual handiagoa hartzen joan zirenak”. Horrela, gizonak bere etxera joatea proposatu zion, “harremanak edukitzera”, adin txikikoa zela jakin bazekien arren. Adingabeak onartu egin zuen, “pasatzen ari zen momentuagatik”. Nerabeak, ordea, adierazi zion “ez zegoela gustura”, baina gizonak jarraitu egin zuen, adin txikikoak gainetik kendu zuen arte.
Astebete geroago, salaketak dioenez, entrenatzaileak berriz proposatu zion bere etxera joatea. Adingabeak, hasieran, “aitzakiak” jarri zizkion ez joateko, “ez zuelako joan nahi”. Gizona, aldiz, tematu egin zen, harreman sexualak edukitzeko etengabe eskatuz, eta “adin txikikoak ez zion kontra egin, deseroso sentitu eta blokeatuta geratu arren”. Eferen arabera, gizona atxilotu egin zuten, baina gero aske utzi zuten deklaratu bitartean.