Gaurko egun batez, 1979. urtean, Gladys del Estal hil zuen Guardia Zibilak
1979. urteko ekainaren 3an, Energia Nuklearraren Aurkako Nazioarteko Egunean, Guardia Zibilak tiroz hil zuen Gladys del Estal ekintzaile ekologista. Tuteran zegoen egun horretan del Estal, Lemoizko zentral nuklearraren, energia nuklearraren eta Bardeetako tiro eremuaren aurkako protesta batean, eta Jose Martinez Salas Guardia Zibilak tiroz hil zuen; 22 urte zituen hil zuten egunean.
Lekukoek erailketaren egunean bertan adierazi zutenaren arabera, Martinez Salasek tía buena (neska ederra edo neska katxarroa) esan zion del Estali, eta honek hijo puta (putakumea) erantzun zion. Erantzun horren ostean, Martinez Salasek bere Z-70 subfusilaren ipurdiarekin kolpatu zuen del Estal, eta neska gaztea lurrera erori zen. Altxatu aurretik, Martinez Salasek tiro egin zion buruan, eta hortik gutxira hil zen Gladys.
Erailketa horregatik, 1981. urteko abenduaren 14an Iruñeko Epaitegiak 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion, eta ez zuen ziegarik zapaldu. Zigor hori jaso eta bi hilabete eta gutxira Calvo Soteloren Gobernuak Guardia Zibilaren meritu gurutzea eman zion Martinez Salasi. Tuterako Udalak Gladys del Estal “biolentzia polizialaren biktima” gisa aitortzea eskatu zuen duela 17 urte Espainiako Kongresuan, baina ez zuten erantzunik jaso.
Gladys del Estal borroka ekologistaren eta antinuklearraren ikur bihurtu da Euskal Herrian eta bertatik kanpo, eta bere auzoan, Egian, urtero oroitzen dute. Egiako parkeari jende askok Gladys Enea deitzen dio, nahiz eta izen hau ez den ofizialki onartua, eta Cristina Enea izaten jarraitzen du.
Larunbatean, ekainaren 5ean, Eguzki talde ekologistak eta Gladys Gogoan kolektiboak omenaldia egingo diote del Estali bere izena duen parkean. Haren oroigarria dagoen lekuan geratu dira 12:30ean, eta parkera bizikletaz joateko deialdia zabaldu dute, 12:00etan Bulebarrean.