Gizon bat atxilotu dute, Donostiatik Errenteriaraino Ertzaintzarengandik ihesean aritu ostean
44 urteko gizon bat atxilotu zuten asteartean, hilaren 1ean, Errenterian, Donostiatik haraino Ertzaintzarendik autoz ihes egin ondoren. Ausarkeriaz gidatzea, autoritatearen aurkako erasoa egin izana eta agirien faltsutasuna leporatuta atxilotu zuten. Gizonak hainbat auzi zituen zintzilik Bizkaiko epaitegietan, horietako bi kartzelara sartzeko eskaerarekin; hain justu, espetxera bidali dute gaur, eta epailearen eskuetan utzi dute.
Ertzaintzaren arabera, astearteko 19:00ak aldera, patruila batek auto baten maniobra arraro bat ikusi zuen Bera Bera inguruan, eta autoa jarraitzeari ekin zion. Gelditzeko seinaleak egin zizkion, baina horren ordez, auto susmagarriak aurrera jarraitu zuen, eta ertzainengandik ihes egiteari ekin zion, abiadura handian. Aieteko bidea hartu zuen, eta handik Astigarrragara heldu zen, polizia atzetik zuela. Beste patruila batzuk autoa harrapatzeko dispositibora batu ziren, eta Ertzaintzaren arabera, hainbat kontrol puntutan agenteak erditik kendu behar izan ziren, ihesean zihoan autoak harrapatu ez zitzan.
Astigarragan, landa gune batean sartu zen autoa, eta handik Errenteriara joan zen. Ordea, sakangune bat gaizki hartu zuen eta motorraren karterra hondatu egin zitzaion. Horrela, autoa utzi behar izan zuen gidariak eta beste bi lagunek, mendian gora ihes egiteari ekinez. Euren bila zebiltzan ertzainek ordea, harrapatu egin zituzten, eta aipatu gizona atxilotu zuten.