Antiguako saltokiek kanpaina bat abiatu dute, herritarrak odola ematera animatzeko
Hilaren 14ko Nazioarteko Odol Emaileen Egunaren bueltan, Antiguako 50 bat saltokik kanpaina solidario bat abiatu dute auzoan, herritarrak odola ematera animatzeko. Gipuzkoako Merkatarien Federazioaren parte den AntiguON elkarteak abiatu du egitasmoa, eta azaldu du pandemia dela eta, murriztu egin dela odol emaile kopurua: “Odola ematea eta odol emaileak fidelizatzea inoiz baino garrantzitsuagoa da, eta Antiguako saltokiek, elkarlanerako eragile gisa, rol garrantzitsu bat jokatuko dute zentzu horretan”.
Horrela elkartearen parte diren 50 saltokietan bezeroak eta herritar guztiak odola ematera animatzeko eskuorri informatiboak banatuko dituzte, eta erakusleihoetan bereizgarri bat jarriko dute.
Odola emateko, astelehenetik ostiralera joan daiteke Odol Emaileen Gipuzkoako Elkartearen egoitzara, Manuel Lekuona kaleko 1. zenbakira. 8:30etik 21:00etara joan daiteke, aurretik lekua erreserbatuta. Kanpaina sare sozialetatik ere egingo dute, #ZureOdolaEzinbestekoaDa traola erabiliz.
Bestalde, hilaren 14an, Nazioarteko Odol Emaileen Egunarekin bat eginez, kanpainaren emaitzak jakinaraziko dituzte, eta hiriko hainbat pertsona ezagunek emango dute odola.