ARKUPE Birgaitzeak
Zaharkitutako eraikinak biziberritzea: hori da Arkupen duten eguneroko ogia. Urte asko dituzten eraikinek hezetasunak eta fatxadako arazoak izaten dituzte, eta isolamendua hobetzeko aprobetxatu ohi dute.
Arkupen eraikinen isolamenduari eta energia eraginkortasunari garrantzia ematen diote; izan ere, bizitegi sektorea CO2 emisioen %12aren erantzulea da, baita estatuan kontsumitzen den energia guztiaren %18arena ere. Ander Petxarromanek, Arkupeko arkitekto teknikoak, klima aldaketari aurre egiteko eraikuntzan energia eraginkortasuna lortzea funtseztzat jotzen du, eta horregatik, gaur egungo etxebizitzak energia aurreztera eta erosotasunera gerturatzea nahi dute Arkupen.
Horrela, Arkupeko lantaldeak biziberritutako eraikinek energia gutxiago kontsumitzea lortzen du, isolamendu termikoaren sistemaren bidez.
Bi sistema
Kanpoko isolamendu termikorako sistema (SATE, gaztelaniaz) eta fatxada aireztatuen sistema erabiltzen dira fatxadak berritzeko eta isolatzeko. Bi sistemak oso desberdinak dira, baina oinarri berdina dute: isolamendu termikoa. Bietan, isolamenduarekin babesten da eraikina, jatorrizko fatxadari itsatsiz bai mekanikoki eta bai kimikoki. Gero, kanpoko isolamendu termikorako sistemaren kasuan, gaitasun mekanikoak ematen dizkion mortero batzuk gehitzen zaizkio, eta mortero akriliko bidezko estaldura du (sistema erabiliena da, baina akabera mota asko daude).
Fatxada aireztatuetan, ordea, sistemak tarte handiagoa uzten du isolamenduaren eta estalduraren artean, azpiegitura metaliko baten bidez. Hala, bien artean sortzen den ganbera horretan, airea etengabe mugitzen da konbekzio bidez. Estaldura, zeramika albeolarrez egindakoa izan ohi da. Bietan akabera mota asko daude, bai tamaina aldetik, baita materialaren aldetik.
Isolamendu sistema hauen helburua, gainera, ez da etxea berotzea, isolatzea baizik; horri esker, udan fresko mantentzen da etxea, eta neguan, berriz, bero.
Beste abantaila asko dauzkate sistema hauek:
– Energia kontsumoaren murriztapena, inbertsioaren itzulera ahalbidetzen duena.
– Kondentsazioak murrizten dira, eta horrek bizilagunen osasunean garrantzia handia du.
– Mantentze lanak oso baxuak dira eta iraupena luzea.
– Eraikina babesten dute, eguraldiaren aldaketen aurrean.
– Suteen aurkako erresistentzia dute.
Gertuko tratua
Arkupen jasotzen dituzten dei gehienak fatxadak berritzeko izaten dira; izan ere, 50 urtetik gorako etxebizitzek Eraikinen Inspekzio Teknikoa pasa behar izaten dute. Hauetariko batzuek fatxada txukuntzea nahi izaten dute soilik, eta Arkupeko kideek isolamendua hobetzeko aprobetxatzea gomendatzen diete bezeroei. Izan ere, fatxada berritzeko aldamio handi bat jarri behar izaten dute eraikinean, eta honen kostua antzekoa da aipatutako bi lanak egiteko. Hala azaldu du Petxarromanek: «Batzuk fatxada margotzeko bakarrik deitzen digute, eta hori egiteko behar den instalazioa aprobetxatzea eskaintzen diegu, eraikina termikoki isolatzeko. Askotan halako lanak baztertzen ditugu, bezeroarentzat gastu handiegia iruditzen baitzaigu aldamio bat jartzea fatxada margotzeko bakarrik. Margoketa lanak gastu bat dira, eta isolamendu bidezko birgaitzeak, ordea, inbertsio bat. Gainera, azken hauen garantia askoz luzeagoa da. Pentsatzen duguna esan eta jendea lagundu nahi dugu, azken finean».
Bestalde, Petxarromanek adierazi du haien helburua ez dela lan asko batera egitea eta enpresa handi bat izatea, baizik eta lan gutxi batzuk ondo egitea: «Nahiago dugu momentu berean hiruzpalau lan soilik izan, eta bezeroa ondo tratatzea. Azkenean, fatxadan aldamio bat zenbait hilabetez izango dute pertsona horiek, eta hori ez zaio inori gustatzen ez baita erraza (gutxiago garaiotan). Jende horrekin gertuko tratua izatea oso garrantzitsua da, berrikuntza ondo joan dadin».