Astelehenean irekiko dituzte Etxadiko eta Intxaurrondoko kanpoko igerilekuak
Ekainaren 7an, astelehenean, hasiko da Etxadiko eta Intxaurrondoko kiroldegietako udako denboraldia, eta kanpoko igerilekuak irekiko dituzte. Bestalde, Paco Yoldi igerilekuko solariuma eta ur jokoak ere zabalduko dira.
Horrez gain, udalaren kiroldegi guztietan udako ordutegia hasiko da astelehenetik aurrera; orokorrean, ordutegiak murriztu egingo dira.
Koronabirusaren aurkako neurriak
Uda honetan ere Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen murrizketak aplikatu beharko dituzte udalaren kirol instalazioetan, eta igerilekuen edukera %50era mugatuko dute. Hau dela eta, Etxadiko igerilekuaren edukiera 258 pertsonakoa izango da, eta Intxaurrondoko igerilekuarena, berriz, 246koa. Igerilekuen sarreretan agertuko da edukiera, eta Internet bidez ere ikusi ahal izango da.
Hamaka zerbitzurik ere ez da izango, eta ezingo dira etxetik eraman, nahiz eta ezgaitasuna duten pertsonentzako aulkiak eskura egongo diren. Solarium eremuan, bestalde, pertsonen arteko distantzia hobeto mantendu ahal izateko, zirkuluz markatuko dituzte esertzeko lekuak.
Aurten, Donostia Kirolak izen-emate mota berri bat jarri du eskura: hilabetekoa. Izen-emate honek 25 euroko prezioa izango du, 30 eguneko iraupenarekin. Udalaren kirol instalazio guztietara sartu ahal izango da txartel honekin. Lehen hiru hilabetetan 2.000 pertsona inguruk eman du izena iraupen honekin.