"Bizi dugun egoerak lagundu digu etxeari balioa ematen"
Euskal Herrian KonMari agiri ofiziala duen aholkulari bakarra da Sara Etxebeste (Errenteria, 1986). Pandemiak etxea antolatzeko beharra azpimarratu duela uste du, eta horrek KonMari metodoari ikusgarritasuna eman diola.
KonMari metodoak zer nolako garrantzia hartu du pandemia garaian?
Garrantzitsua da berez, baina pandemiak agerian utzi du etxea ordenatua izateak eta etxean gustura egoteak duen garrantzia. Orain arte pertsona askorentzat bigarren mailako toki bat zen etxea, beste lehentasun batzuk ditugulako. Kalean egotea, lagunekin elkartzea, kirola egitea, bidaiatzea… Horrelako batean, pandemiak hori dena ezabatu du. Horrek etxean sartu gaitu, eta halabeharrez fokua jarri diogu etxeari, onerako eta txarrerako.
Metodoa pandemia baino lehenagokoa da, baina proposatzen duena azpimarratu dugu azken urte luzean?
Marie Kondo japoniarrak duela urte batzuk sortu zuen metodoa. Oihartzuna izan zuen bere lehen liburua hainbat hizkuntzatara itzuli zenean. Batez ere, AEBetan izan zuen sekulako hedapena. Gerora, pixkanaka iritsi zen Europara eta gure artera. Nik bere lehen liburua 2017an irakurri nuen, pentsa. Ikastaroa, berriz, 2018 eta 2019 artean egin nuen. KonMari metodoaz hitz egiten pandemia iritsi baino urtebete lehenago hasi ginen. Izenez ezaguna da, baina metodoa bera zer den ez horrenbeste. Pandemiak, ordea, ikusgarritasuna eman dio, eta metodoaren garrantzia ulertzen lagundu du.
Koronabirusa, konfinamendua, itxiera perimetralak, telelana… askoren gotorleku seguru bihurtu da etxebizitza?
Bai, zalantzarik gabe. Dena dela, ikuspegiaren arabera, batzuentzat etxea gotorleku izan dena beste batzuentzat kartzela bihurtu da. Nik ikuspegi baikor eta eraikitzailetik begiratzen diot pandemiari. Bizi dugun egoerak lagundu digu etxeari balioa ematen, eta dituen alde on eta txarrak bereizten. Lehen, gauza asko etxetik kanpo egiten genituen, eta bat-batean, itxialdiarekin bereziki, hasi ginen etxean gauza gehienak egiten; lana, kirola, erosketak Internet bidez… Gaur egun ia dena egin dezakegu etxetik. Horretaz jabetu gara. Ondorioz, konturatu gara garrantzitsua dela etxean goxo eta eroso egotea. Nahigabe edo nahita ordu asko pasa ditugu etxean, eta ohartu gara etxean denbora gehiago pasa beharko dugula. Etxea gure gustura jartzea ezinbestekoa da, eta gure beharretara egokitzea.
Pandemiak bizi garen tokia antolatzeko beharra areagotu du?
Bai. Gure lehentasunak aldatu ditu. Orain arte etxea dekorazioarekin eta antzeko kontuekin lotu izan dugu. Goxo geunden bitartean nahikoa zen guretzat. Lehen, bidaietan eta aisialdian gastatzen genuen denbora eta dirua; orain etxean inbertitzea baloratzen ari gara. Horrek etxeko antolaketa aldatu du. Etxean lana eta kirola egin behar baduzu, eta zure seme-alabek ikasi eta jolastu, espazioak bilatu behar dituzu. Pandemia hasiera gogorra izan zen askorentzat, espazio propioa topatzeko beharra sortu zuelako.
Etxean espazio propio hori aurkitzea zaila da?
Espazio pertsonalen kontua oso garrantzitsua iruditu zait betidanik. Etxean eta kalean espazio komun edo kolektiboek jan egiten dute espazio pertsonala. Arazoa da askotan nahasten dugula espazio indibiduala eta pertsonala. Indibidualismoa da zuk zurea lehenestea ingurukoa baztertuta. Pertsonala, aldiz, zure beharrak zeintzuk diren argitzea da, baina ingurukoa aintzat hartuta.
KonMari metodoaren prozesuak egiterakoan, garrantzia berezia ematen diot espazio pertsonalak identifikatzeari. Emakumeen kasuan, ama direnek bereziki, espazio pertsonal oso txikia dute edo ez dute. Emakumeon joera da gurea konpartitzea. Horrela hezi gaituzte. Momentu honetan, errealitate hori agerian geratu da. KonMari edo ordena prozesu batek lagundu ahal dizu horretaz jabetzen. Laguntzen dizu identifikatzen zenbateko espazioa duzun, baldin baduzu, eta konturatzen zenbat espazio behar duzun.
Nik emakumeekin egin dut lan. Gehienek prozesuaren hasieran esan didate espazioa badutela, baina prozesuak aurrera egin orduko konturatu dira uste baino espazio gutxiago zutela. Azken batean, espazio pertsonalaren beharra agerian utzi du. Orain, benetako erronka da oreka bat lortzea espazio kolektiboen eta pertsonalen artean.
Zeintzuk dira pandemiak ekarritako onurak eta kalteak etxebizitzaren antolaketa zein ordenari dagokionez?
Nik uste dut onurak ekarri dituela, batez ere. Zailtasunak topatu dituztenak eta lanketa bat egitea erabaki dutenak dira onuradunak. KonMari metodoarekin edo beste profesional batekin. Etxean fokua jarri dutenek onura handiak topatu dituzte. KonMari metodoak behartzen zaitu zure ondasun guztiak berrikustea, eta berrikuste horretan aukeraketa bat egitea. Txukuntzea eta toki egokia ematea bakoitzari. Horrek dakar bizitzari errepaso oso bat egitea. Onura pila bat ditu. Denbora aurrezten duzu, lehentasunak markatzen dituzu, lasaiago bizi zara, zeure burua hobeto ezagutzen duzu… Nahiz eta pertsona bakar batek egin prozesu hori, onura horiek gainerakoek ere jasotzen dituzte.
Pandemiak ere erakutsi dizkigu etxe batzuen mugak. Bizitza estiloarekin lotura dute. Adibidez, hiriko erdialdean asfaltoz inguratuta bizi dena konturatu da naturatik gertuago egon nahi duela. Eta etxean balkoirik ez duenak gaizki pasa zuen itxialdia.
COVID-19aren aroan, zenbat pertsona lagundu dituzu?
Nire kasuan, lau pertsona izan dira. Erdia presentziala, eta beste erdia Internet bidezkoa. Dena dela, jende gehiago jarri da nirekin harremanetan informazioa eskatzeko. Egia esan, nik espero baino gehiago izan dira. KonMari metodoak bakoitzaren aldetik konpromiso maila bat exijitzen du, eta denak ez gaude horretarako momentu egokian. Nirekin harremanetan jarri diren pertsona guztiak emakumeak dira, eta gizonezko bakarrarekin hitz egin dut.
Eta hori, zergatik?
Arrazoiak hainbat dira. Gizarteak eta kultura patriarkalak zerikusi handia du. Etxearekiko lotura tradizionalki emakumeei lotuagoa dago, zaintzaren antzera. Etxea txukun izatea zaintzeko modu bat da, zeure burua eta ingurukoak. Emakumeak dira lanketa pertsonalak egiteko beharra dutenak, eta horri garrantzia ematen diotenak. Horrekin lotura zuzena du KonMari metodoak. Izan ere, ez da soilik etxea txukun mantentzeko metodo bat, sekulako baliabidea da zeure burua ezagutzeko, eta zeure buruarekin bat egin eta hazteko. Emakumeak gara horretan interes gehiago dugunak, nahiz eta pixkanaka aldatzen ari den. Gizonezkoek ongietorriak dira.
Nolako erantzuna jaso duzu beraien partetik?
Ona. Prozesuak du hasiera eta bukaera bat, eta gero jarraitzen du zuk nahi beste. Aurretik egiten diren ariketa eta hausnarketekin hasten da. Lehen kategoriatik hasi, eta bosgarrenarekin bukatu. Hori dena pasatzen baduzu zure etxea antolatuta geratuko litzateke. Hor bukatzen da nirekin egiten den lana. Prozesuak, ordea, jarraitzen du, denborarekin etxea egokitzen eta aldatzen joango zarelako.
KonMari metodoan trebatu zenuen zeure burua, baina azken urte honetan gauza gehiago ikasi dituzu?
Bai, noski. Ikasketak ez du etenik. Gero eta pertsona gehiagorekin lanketa egin, orduan eta gehiago ikasten duzu. Liburuetan informazio asko dago eta ikastaroetan asko ikas daiteke, baina hori praktikara eramatean ikasten duzu.
Bestalde, KonMari metodoak bizitzako alor askorekin du lotura. Orain garapen pertsonala interesatzen zait, baina ikuspegi feministatik asko elikatu naitekeela uste dut, baita ekonomiaren alorretik, diruarekin dugun harremanarengatik. Ikasketa eta garapen maila infinitua izan daitekeela uste dut.