Fiskaltzak 66 urteko espetxe zigorra eskatu du Iñaki Badiola Realeko presidente ohiarentzat
Gipuzkoako Fiskaltzak 66 urteko espetxe zigorraldia osatzen duten hainbat zigor eskatu ditu Iñaki Badiola Realeko presidente ohiarentzat, Twitter bidez hainbat politikari, epaile eta kazetari gipuzkoarren aurkako irainak eta kalumniak egitea leporatuta. Ustez, irainak eta kalumniak jasan zituzten pertsonetako batzuk Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren kasuarekin lotu zituen Badiolak, faltsuki. Era berean, Badiolaren irainen eta kalumnien ustezko biktimen artean daude Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Odon Elorza Donostiako alkate ohia.
Efe albiste agentziak eman du akusazioaren berri, kalumnia larriengatik hamabost delitu leporatu dizkiote, beste hamabost irain larriengatik eta beste horrenbeste integritate moralaren aurkako delituengatik. Horretaz gain, beste bi delitu egotzi dizkiote, sekretuak irudiak zabalduz ezagutarazteagatik. Bestalde, Fiskaltzak eskatu du Badiolari 1.350.000 eurora heltzen diren hainbat isun ezartzeko eta biktimentzako 1.950.000 kalte ordainak ordaindu ditzala.
Akusazioaren arabera, Badiolak Twitterreko bi profilen bidez egin zituen delitu horiek guztiak, Gipuzkoa Confidencial izenekoak. Ustez, lehenengo kontua 2015eko urritik 2018ko apirilera erabili zuen, eta sare sozialak berak kontua itxi ondoren, bigarrena 2018ko apiriletik maiatzaren 11ra arte.