Marcelo Nicolak ez du Gipuzkoa Basketen jarraituko
Gipuzkoa Basket saskibaloi talde donostiarraren administrazio kontseiluak adierazi du Marcelo Nicola entrenatzaileak ez duela taldean jarraituko, eta taldea berriz ere lehen mailara itzultzeko proiektua gidatuko duen entrenatzaileare berriaren bila daude zuzendaritzako kideak. Gipuzkoa Basketek azken urteetako “kemena eta lan egiteko gogoak” eskertu dizkio Nicolari.
German Ceak ere ez du Gipuzkoa Basketen jarraituko datorren denboraldian; hogei urtez talde donostiarraren zuzendari nagusia izan da Cea. Ibon Muñozek hartuko du Cearen lekua.
Andy Panko Gipuzkoa Basketeko jokalari historikoa taldera itzuli da, eta taldearen enbaxadorea izango da. 2007 eta 2012 urteen bitartean ibili zen Panko Amerikako Estatu Batuetako jokalaria Gipuzkoa Basketen, eta taldearen historiaren denboraldi onenean egon zen, 2011-2012an: urte hartan lehen mailan bosgarren geratu ziren donostiarrak, eta Eurocup txapelketara sailkatuz.