Metroaren lanek inguruko eraikinei eragin diezaieketela dio ETSk
“Tunela egiteak ezegonkortasunak sorrarazi ditzake lurrazalean ehunka metroko distantzian, eta eraikinen integritateari eragitera iritsiz”, dio Euskal Trenbide Sarearen (ETS) txosten batek, Donostiako metroa egiteko lanen inguruko txosten batean. Berria egunkariak eman du albistea, ETSren eraikuntza proiektuaren zenbait atal eskuratu eta kontsultatu ostean.
Hain zuzen, ekainaren erdialdean berrartuko dituzte Mirakontxa-Easo tartearen eraikuntza lanak, zulaketek Zubieta kalearen inguruan sortutako arazoengatik -hiru zulo agertu dira, besteak beste- hainbat hilabetez eten eta gainkostuarekin berriz adjudikatu ondoren. Bigarren fasea deritzo laster berrartuko duten horri, eta Kontxako hondartzaraino eta Urbieta kaleraino egindako bi tunelak elkartzea du helburu; 400 metro. Lan horiek, ordea, ez dira errazak izango, oso aurkakoak diren baldintza geoteknikoei egingo baitiete aurre, eta zulatuko duten zonan lur gainean ere eragin dezaketen haustura zonak daude, Kontxako hondartzaren inguruan, batez ere.
Berria-k kontsultatutako txostenek berretsi dute Kontxako tunelaren inguruan elkarri konektaturiko hutsune sistema bat dagoela. Hutsune horiek “karstifikatutako edo apurtutako” kareharri geruzetan daude, eta 35 metroko sakoneran dagoen tunelaren kota lurrazalarekin konektatzen dute. Horrela, sistemaren luzera dela eta, “tunela egiteak ezegonkortasunak sorrarazi ditzake lurrazalean ehunka metroko distantzian, eta eraikinen integritateari eragitera iritsiz”, enpresaren txostenaren arabera.
Hutsune sistema, zuloen eragile
Iazko ekainaren 5ean, Kontxako zulaketa lanak “karstifikatuta edo apurtuta” dauden geruzetara horietara heldu ziren, eta tunelaren ezkerreko aldean lur jausi bat gertatu zen, txostenaren hitzetan, “emari handiko ur jario bat eta material solido lodien arrastea” eragin zuena. ETSren arabera, horrek lotura zuzena izan zuen handik ordu gutxira Zubieta kaleko 8. zenbakiko soto batean agertu zen zuloarekin. Era berean, ETSren txostenak dioenez, “gerora, eremu berean tamaina txikiagoko zuloak aurkitu dira”, baina publikoki azaroaren 17an eta maiatzaren 7an agertutakoen berri eman dute soilik.
Easo ingurutik hasitako zulaketek ere hainbat zailtasun izan dituzte, Urbieta kalera heldu direnean. Kontxan gertatzen den moduan, tunelak “oso apurtuta” dagoen eta “iragazpen altua” duen mazizo arrokatsu batekin egin zuen topo ekainean, ETSk dioenez. Tunelaren barrura ur emari handi» sartzen zela aitortzen du Eusko Jaurlaritzaren mendeko enpresaren beste txosten batek. Urumea ibaiaren lurpeko material alubialei buruz hitz egiten dute txostenean, Kontxan ez bezala, Urbietako tunelean sarturiko ura geza baitzen.
ETSk azken asteotan emandako azalpenen arabera, “seguruago” egingo dute lan orain, eta Antonio Lopez ETSren Eraikuntza zuzendariak maiatzaren 5ean metroaren Bentaberriko geltokian eginiko agerraldian azaldutakoaren arabera, ekainaren erdialdean berrartuko dituzten lanetarako “prozedura berriak” garatu dituzte. Horrela, Kontxako tunelean zulaketa “txikiagoak” egingo dituztela esan zuen: “Ezkerreko aldea sostengatzeko, galeria estuago batekin egingo dugu aurrera, eta gero zabaldu egingo dugu”. Urbietan, “iragaiztatze infiltrazioen, mikropiloteen eta zertxen babespean” lan egingo dutela azpimarratu zuen.