Mugan talde donostiarra bueltan da, 'Kalean' abestiarekin
Mugan folk talde donostiarrak bere single berria argitaratu du: Kalean. Taldeak nabarmendu duenez, abestia kalean idatzi zuten duela bi urte, eta hortik datorkio izena. “Kanta talde formatura eraman eta gaur egun duen soinura heldu da. Abestiaren azaleko argazkia, sortua izan zen toki zehatzekoa da. Nahita aukeratua, entzulea benetako momentura eramateko xedeaz. Musikari dagokionez, letrari oso lotuta doakion konposizioa da. Melodikoa eta mantsoa. Lasaia eta gogorra. Sentimenduen ospakizun bat. Kalean bizi daitezkeen egoeren doinua izateko sortua. Taldeari fidela zaion musika mota da”, azaldu dute.
Mugan garatzen ari den hurrengo lan luzearen lehenengo abestia da Kalean, eta aurtengo apirilean grabatu zuten Berako (Nafarroa) MIK estudioan. Ekoizpen eta masterizazio lanak Mikel Irazokik eta Aitor Garcia Maikel-ek egin dituzte. Abestia Spotify plataforman entzun daiteke dagoeneko, eta bideoklipa Zarata Mondosonoro atarian ikus daiteke; astelehenetik aurrera, taldearen Youtubeko kanalean egongo da ikusgai.
2017an sortu zen Mugan, Pablo Zurutuzaren abeslari eta gitarristaren eskutik. Idatzi zituen lehenengo kantak bere lagun Joseba Pastorri erakutsi zizkion, eta baxu elektrikoa gehitu zion Pastorrek. 2018ra arte abesti gehiago idazten aritu ziren, eta Enara Rodriguez (pianoa) eta Markos Murua (tronboia) sartu ziren taldera orduan. Geroago, Eneritz Genua (biolina), Garazi Aranburu (ahotsa) eta Ander Murua (perkusioa) sartu ziren taldera, eta Muganek bere estilo propioa lortu zuen. 2019ko urrian eskaini zuten euren lehenengo kontzertua.