Sindikatuak eta Sare, euskal presoen etxeratzearen alde
Hainbat euskal sindikatuetako ordezkari, militante eta afiliatu mobilizatu dira gaur goizean Sare Herritarrarekin batera, presoen etxeratze prozesuan “urratsak ematen jarraitzeko”. Saguesetik abiatu da manifestazioa gaurko goiz euritsu eta haizetsuan, eta Bulebarrean amaitu da. Euskal Herriko sindikatuen gehiengoa gehitu da deialdi honetara.
Gaurko agerraldiaren helburu nagusia sindikalgintza eta lan mundua ere “presoen etxeratze prozesuan aktobo izatea” zen, Inaxio Oiarzabal Sareko kidearen arabera: “Izan Bidea dinamika euskal sindikalgintzaren gehiengoarekin batera ekarri nahi izan dugu Donostiara, bizitzen ari garen euskal presoen etxeratze prozesuan pausoak ematen jarraitzeko, baita indarrean jarraitzen duten salbuespen politikekin amaitzeko ere”.
Bestalde, azpimarratu nahi izan dute presoek hirugarren gradua edo baldintzapeko askatasuna lortzeko duten “beharra”, etorkizunean lan eremuan sartu eta lanpostua lortzeko: “Bide horretan, lanaren mundua eta langileria presoen etxeratze prozesuan aktibo izatea nahi dugu, guztion artean haien etxeratzea ahalik eta azkarren lortzeko”.
Presoen datuak
Euskal presoen gehiengoak “etxetik ehunka kilometrora” izaten jarraitzen dutela adierazi du Sarek, eta hemezortzi preso larriki gaixo daudela gehitu dute. Bestalde, hirugarren gradua “preso gutxi batzuei soilik” ezarri zaiela azpimarratu dute, eta zigorraren hiru laurden bete duten preso askok kartzelan jarraitzen dutela gehitu dute. Beste preso batzuek, Frantzian bete duten zigorra berriro Espainian betetzen ari dira. Egoera honen harira, oraindik “egiteko lan asko” dagoela adierazi dute.