Behobia-Donostia lasterketan izena emateko epea ekainaren 15ean zabalduko dute
Azaroaren 14an egin nahi dute, eta COVID-19aren aurkako neurriengatik ezin bada, 2022ko otsailean egingo lukete
Iaz lasterketa birtuala egin behar izan zuten, baina aurten ohiko Behobia-Donostia egitea espero dute. Antolatzaileek erabaki dute ahal duten guztia egingo dutela 56. ekitaldiak aurrera egin dezan. Azaroaren 14an egin nahi dute, murrizpen eta arau esanguratsurik gabe. Ordea, COVID-19aren aurkako neurriengatik ezin bada egin, 2022ko otsailean egingo lukete, eta hurrengo ekitaldia, 2022ko azaroaren 13an.
Laster irekiko dute izena emateko epea, ekainaren 15ean. Izen ematea egiteak dakar lasterketaren balizko data aldaketa onartzea. Edozein kasutan ohiko baja sistema erabiliko dutela azaldu dute.
Iazko izen ematea aurtengo ekitaldirako gordea duten korrikalarien kasuan, data aldaketa ematen bada, dirua itzuli edo azaroko ediziorako gordetzeko aukera izango dute.