Nuklearren kontrako protesta batean Poliziak hil zuen Gladys del Estal Ferreño, Tuteran (Nafarroa), orain dela 42 urte. Urtero moduan, Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboak omenaldia egin diote gaur, Donostian, eta hainbat lagun bildu dira Egiako parkean, Gladys del Estalen omenezko monolitoa dagoen berdegunean. Batzuk lehenago geratu dira Bulebarrean, bizikletaz iristeko parkera.
Gladys del Estal Ferreño militante ekologista ezagutu zuten lagunek ez ezik, erreferente moduan duten hainbat pertsonak parte hartu dute. Egiako talde feministako Garazi Urrosolo Urdinlaizek, besteak beste. “Gutako askok, tamalez, ez genuen bera ezagutzeko aukerarik izan, baina halere, sinbolo bihurtu zaigu bere irudia, eta esanahi horrek ekarri gaitu hona”. Adierazi du duela 42 urte del Estalek jada argi zuela “lurrak mugak dituela”, eta “bizi dugun kapitalismo basati honek hau inongo erreparorik gabe kaltetzen duela”. Lurraren eta bizitzaren defentsan dena eman zuela nabarmendu du, eta “bera bezalako emakume borrokalari eta desobedienteei esker” direla beraiek feminista: “Berak bezala, feministok ere argi daukagu sistema kapitalista heteropatriarkal honek gure gorputzak eta lurrak ustiatzen dizkigula, eta bizitza edo kapitalaren artean aukeratzera behartzen gaituela etengabe”. Gainera, Donostiako Udalak natura txikitu eta lurrarekin negozioa egiten duela salatu du: Martuteneko Antondegi naturagunean egin nahi duten surf parkea eta Santa Klara irlako ‘Hondalea’ aipatu ditu adibide moduan.
Kantuz ere oroitu dute Gladys del Estal. Unai Pelayo Pelax musikariak Iñigo Muguruza eta Ane Gartziaren Fenneh kantua jo du, Esther Zabalegik Que se marchen ya los yanquis jota abestu du, eta Egiako kantujirak Eskerrak bizitza kantatu du omenaldian bildu diren lagunekin batera.
42 urte pasa dira Gladys del Estal hil zutenetik, eta oraindik ez du aitortza ofizialik izan. Iritsi ala ez, omenaldia antolatu dutenek argi dute ez dutela herritarren aitortzaren falta izango.
Irutxuloko Hitzak erreportaje berezia egin zuen duela bi urte, Gladys del Estalen hilketaren 40. urtemugan: 40 urte Eguzkiaren alaba gabe.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea