Maria Jose Bravoren omenezko plaka bat jarri dute Loiolan
Batallon Vasco Español eskuin muturreko taldeak bortxatu eta hil egin zuen 1980an. 16 urte zituen. Haren bikotekidea, Javier Rueda, zortzi urte geroago hil zen, jasotako jipoiak eragindako kalteen ondorioz. Latsarien plazan dago plaka, Maria Jose Bravo bizi zen etxebizitzaren ondoan. Donostiako Udalak lehen aldiz omendu du.
41 urte bete dira Batallon Vasco Español talde parapolizialak Maria Jose Bravo bortxatu eta hil zuenetik eta Javier Rueda larriki zaurituta utzi zuenetik. Gertakaria ez zuten inoiz ikertu, eta ez du inork ordaindu. Gaur Donostiako Udalak plaka bat jarri du Bravoren omenez.
Hilketa gertatu zen tokia jada ez da existitzen, Urumeako autobia egin zutenean Zorroagako zelaigune horien zati handi bat hartu baitzuten. Haren omenezko plaka Bravo eta bere familiaren etxearen ondoan jarri dute, Loiolan, Latsarien plazan. Zuriñe Bravo senideak omenaldia eskertu du, baina aitortu du hilketa gertatu zenean ez zela ezer egin: “Inork ez zigun ezer esan, ezta doluminik eman ere. Babesik gabe utzi gintuzten, abandonatuta”.
Iaz Maria Jose Bravoren hilketaren 40. urtemuga izan zen, eta Irutxuloko Hitzak gertaera latz honen berri eman zuen Olaia Ruedari esker. Bere testigantza abiapuntu hartuta kontatu zuen Irutxuloko Hitzak 1980ko maiatzaren 7an gertatu zena.