Sexu langileen eskubideak aldarrikatu dituzte
‘Ez gara biktimak, langileak gara’ lelopean, elkarretaratzea egin dute gaur Donostiako Bulebarrean. Putas en lucha kolektiboak sexu langileek jasaten dituzten bidegabekeriak salatu ditu, eta nabarmendu du “baztertutako subjektuak” direnez, euren eskubideak urratzen direla. Sexu askatasunen babeserako eta sexu indarkerien kontrako legeak euren kontra egiten duela ohartarazi dute: “Lege honek lan egiteko lekuren bat alokatzen digun edonor zigortzen du, proxenetismotzat jotzen delako, nahiz eta guk baimenak eman”. Batez ere egoera irregularrean deuden lankide migratzaileen egoera zailtzen duela diote.
Konfinamenduan zehar eurne aurkako biolentzia instituzionala areagotu egin dela uste dute, itxialdian zehar klubetan lan egin eta bizi ziren sexu langileak kalean geratu zirelako: “Ez dugu inolako laguntzarik izan konfinamenduan. Gainera, Bizitzeko gutxieneko diru sarrera ukatu dietela azaldu dute: “Emakumeen salerosketaren biktima izan direnek soilik eska dezakete laguntza hau”.
Salatu dute emakumeen salerosketa eta sexu lana parekatzen dituztela, bezeroarengan arreta jarriz: “Emakumeen salerosketa gertatzeko arrazoia atzerritartasun politikak direla ikusezin bihurtzen dute, eta salerosketa sektore askotan gertatzen da”. Kaleko langileek jasaten duten indarkeria eta tratu iraingarria ere salatu dute: Mozal legeak eta udal ordenantzek ezarritako isunak, poliziaren jarrera… Gainera, sexu langileek estigmatizazioa sufritzen dutela adierazi dute: diskriminazioa osasun zerbitzuetan, erakunde juridikoetan defentsarik ez izatea… Komunikabideek eta erakundeek estigmatizazioa sustazen dutela eta sexu langileen laguntza sareak suntsitzen dituztela diote.
Egoera honen aurrean, salerosketaren biktima direnentzako babesa eskatu eta eskubideak aldarrikatu dituzte. Sexu lana utzi nahi dutenentzako lan alternatiba duinak exijitu dituzte, eta sexu langile izan nahi dutenentzat, lan eskubideak.