Jon Vallejo dantzari donostiarra Benois de la Danse sarietarako hautatu dute
Jon Vallejo (Donostia, 1985) ballet dantzari donostiarra Benois de la Danse sari garrantzitsuetako gizonezko dantzari onenaren sarirako hautatu dute. Dresden Semperope Ballet konpainiako dantzari nagusia da Vallejo, bertan egindako lanarengatik hautatu dute. Sariak Errusiako Bolshoi antzokian banatuko dituzte bihar, hilaren 8an, eta Vallejok dantzari hauekin lehiatuko du: Alberto Velazquezekin, Wu Hushengekin, Jesus Carmonarekin eta Paul Marquekin.
Nazioartean ospe handia duten sariak dira Benois de la Danseak, eta “Dantzaren Oscar sariak” ere deitu ohi zaie. 1991ean sortu zituzten Moskun, Nazioarteko Dantza Elkartearen (gaur egun, Nazioarteko Koreografia Elkartea) eskutik. Vallejoren lana aztertuko duen epaimahaia zortzi adituk osatzen dute: Juri Grigorovichek, Svetlana Zakharovak, Jacopo Godanik, Joaquin de Luzek, Elisabeth Platelek, Xin Lilik, Ashley Weatherrek eta Edward Watsonek.