Niebla hiltzeagatik kondenatutako gizonari zigorra murriztu diote, genero astungarria atzera botata
Pasa den urtarrilean egin zuten 2018an Asier Niebla gazte urnietarra Donostiako Parte Zaharrean eraso zuen gizona –geroago, erasoaren ondorioz zendu zen Niebla–, eta hamabi urte eta hamaika hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten; giza hilketa leporatu zioten, baita genero astungarria ezarri ere. Ordea, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du orain genero astungarria, eta zigorra urtebete gutxitu dio gizonari: hamaika urte eta sei hilabeteko zigorra du orain.
Parte Zaharreko Perujuantxo kalean izan ziren gertakariak, 2018ko abuztuaren 12an, Aste Nagusian. Nieblak 29 urte zituen orduan, eta emakume batekin hizketan ari zen taberna baten kanpoaldean. Andrearen mutil lagun ohia gerturatu zen, eta ukabilkada bat eman zion urnietarrari, lurraren aurka kolpea hartu zuelarik. Nieblak bi hilabete eman zituen koman, eta ospitalean zendu zen. Akusatuak epaiketan deklaratu zuen bikotekide ohia Nieblarekin ikusi eta “inpotentziagatik” egin ziola eraso.
Auzitegiak adierazi du ezin dela frogatu Zigor Kodeko 22. artikuluak aurreikusten duen genero astungarriaren aplikazioa, horretarako, akusatuak emakumearen aurkako erasoa hura emakume izate hutsagatik egin beharko lukeelako; Nieblaren kasuan, aldiz, epaiaren arabera, ez dira baldintza horiek betetzen.
Familiaren abokatuak eta Urnietako Udalak –akusazio partikular moduan aurkeztu zen udala– hasieratik salatu zuten gaztearen hilketaren oinarria “matxista” zela, akusatuak emakume batekin hitz egiten ari zelako jo baitzuen Niebla. Orain, bost eguneko epea dute errekurtsoa aurkezteko.