Mandasko dukesa omendu dute, bere izena daraman parkea udalaren eskuetara pasa zenetik 95 urte bete direnean
Maiatzaren 5ean 95 urte bete ziren Fermin de Lasala eta Collado Mandasko dukeak, hil ondoren, Cristina Enea jauregia eta parkea (Egiako parkea) udalari utzi zionetik, eta ekainaren 2an beste horrenbeste urte bete ziren udalak parkearen ateak herritar guztientzako ireki zituenetik. 95. urteurrenaren bueltan, Mandasko dukeen, eta bereziki, Cristina Brunetti eta Gayoso de los Cobos dukesaren omenezko ekitaldia egin dute udalak eta Cristina Enea Fundazioak jauregiaren inguruan (Baliabideen Etxea, gaur egun).
Alde batetik, Mandasko dukeak parkea eta jauregiari udalari eman zizkion urte berean, 1926an, hiriak jauregiaren aurrean haren omenez jarri zuen bustoa zaharberritu dute, eta Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak azaldu duenez, “jatorrizko zuri kolorea berreskuratu du”. Era berean, dukesaren figura ere goraipatu nahi izan dute, eta jauregiaren barruan haren busto bat jarri dute, dukearen bustoari aurrez aurre begira. Zigor Garcia artistak egin du bustoa, zeramikarekin. Izan ere, dukesa denbora luzez bizi izan zen hirian, parkeko jauregian hain justu, eta han zendu zen, 1914ko abuztuaren 13an. Garmendiak nabarmendu du dukesari esker duela parkeak gaur egungo itxura: “Gaur egun zutik jarraitzen duten zuhaitzetako asko berak aginduta landatu zituzten, eta tematu egin zen parkea arnasgune berde bat izan zedin, baita herritarrei irekia izan zedin ere”.
Horrez gain, zinegotziak iragarri du udan dukeen, eta bereziki dukesaren omenezko erakusketa bat ikusi ahal izango dela Baliabideen Etxean. Izan ere, Tolosako Gipuzkoako Artxibo Nagusian, Donostiako Udal Artxibategian eta San Telmo Museoan hainbat “altxor” aurkitu dituztela azpimarratu du Garmendiak: “Finkaren sorrerarekin lotutako hainbat plano, faktura eta administrazio artxibo, dukeen arteko korrespondentzia pertsonala, dukearen testamentua eta Ferre konpositoreak XIX. mendean dukesaren omenez idatzitako pieza baten jatorrizko partitura ere, dukeari 1890. eta 1892. urteen artean eman ziona, Parisko enbaxadore lanak egin zituenean. Hain zuzen, Donostiako Udaleko Musika eta Dantza Eskolako irakasleen bandak partitura egokitu du –banda militar batentzako idatzita zegoen, eta halako instrumentuak ez dira erabiltzen gaur egun–, eta estreinakoz interpretatu du gaur jauregiaren aurrean. Jarraian, emanaldiaren bideoa: