"Olatu artifizialen instalazio bat egiten badute, masifikazioak bider hamar egingo du gora"

Antondegin egin nahi duten olatu artifizialen parkearen aurrean, Zurriolan surfean aritzen diren hainbat surflari Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan plataformaren barruan antolatu dira, zenbait gizarte eta ingurumen eragilerekin batera. Surflari horietako laurekin hitz egin du hedabide honek: Janire Virgalarekin, June Torrealdairekin, Jabi Iraizozekin eta Arkaitz Bardajirekin, hain zuzen. Proiektuaren aurkako sinadurak biltzen ari dira Change.org atarian, eta Antondegi surfpark proiektua, olatu artifizialak Donostian? hitzaldia antolatu dute Okendo Kultur Etxean, bihar, 19:00etan; sarrera librea da, edukiera bete arte.
Olatu artifiziala probatzea gustatuko litzaiekela aitortu dute, baina nabarmendu dute ez duela merezi Antondegin halako instalazio bat jartzea, ondorio kaltegarriak sortuko dituelako hirian eta hondartzan. Azaldu dutenez, olatu artifizialean ikasten dutenek “oso azkar” lortuko dute “maila tekniko txukun bat” surfean, baina ez dute jakingo “itsasoa irakurtzen”, eta horrek arriskua sortuko du surflari horiek Zurriolara joaten direnean surf egitera.
Era berean, Zurriola “Europako hondartzarik masifikatuena” dela gogoratu dute, eta olatu artifizialen parkeak hondartzako eta hiriko masifikazioa areagotuko lukeela salatu dute. Horregatik, udalari azalpenak emateko eta argi posizionatzeko eskatu diote, baita elkarrizketarako bidea ireki ere.
Elkarrizketa osoa ostiralean, hilaren 11ean argitaratuko da osorik, paperezko astekarian eta webgune honetan. Ordura arte, hemen duzue aurrerapen bat:
Surfaren ikuspegi teknikotik, baliagarria da olatu artifizialen parke bat?
Arkaitz Bardaji (A.B.): Ukaezina da teknikoki baliagarria dela, zeren denbora guztian olatu berdina jartzen badizute mugimendu jakin bat entrenatzeko, argi dago mugimendu hori hobetuko duzula. Ordea, ez da erreala, itsasoan ez baitaude bi olatu berdin. Teknikoki hobetzeko ona da, baina txarra da hor hasten denarentzat. Izan ere, hor hasten denak ez daki zer den korronte bat, zeinek duen lehentasuna olatu batean, ezta zer den uretan gaizki pasatzea ere. Surfaren printzipio guztiak ezerezean gelditzen dira.
Jabi Iraizoz (J.I.): Masifikazioarekin lotuta doa hori. Dirua duen jende askok bere seme-alabak olatu artifizialen parkera bidaliko ditu ikastera, seguruago sentituko direlako. Azken finean, arazoren bat baldin baduzu, botoi bati eman, eta olatuak geldituko dizkizute. Oso azkar ikasiko dute surfean, baina itsasoa irakurtzen jakin gabe etorriko dira gero hondartzara, eta are gehiago masifikatuko da gunea.
June Torrealdai (J.T.): Balioak ere galtzen dira. Surfean hasten zarenean, pixkanaka joaten zara ikasten surfaren filosofia, baina olatu artifizialean nahi duzuna egiten duzu, ez dago hezkuntzarik.
Janire Virgala (J.V.).: Elitistagoa ere bada, zeren ikusi beharko dugu zenbatek ahalko duten ordaindu olatu artifizialen parkean ikasi eta entrenatu ahal izateko. Surflari askok esan dute astean behin entrenatzera joango liratekeela. Eta nire galdera da, astean behin entrenatzera joateagatik prest zaude halako suntsiketa bat egiteko? Denok probatu nahiko genuke olatu artifiziala, baina merezi du? Eta denontzako lekua egongo litzateke?
Donostiako surfaren masifikazioak goia jo du?
A.B.: Ez, gora egiten ari da. Pandemiarekin, kalean egiteko kirolek gora egin dute, eta inoiz baino jende gehiago dabil uretan. Eskolek eta gure seme-alabei irakasten diegunok horren erruaren parte izan dezakegu, baina olatu artifizialen instalazio bat egiten badute, masifikazioak bider hamar egingo du gora.
J.V.: Gainera, surfak bere hautespen naturala dauka: jende asko hasten da surfean, baina ez dute denek jarraitzen. Olatu artifizialekin, ordea, han hasten diren gehien-gehienek jarraituko dute, azkar eskuratuko baitute maila tekniko txukun bat.