Berra egoitzan hildako emakumearen kasuari buruzko ikerketa sakonagoa eskatuko du Elkarrekin Donostiak
DomusVi enpresak kudeatzen duen Berra zahar egoitzan hildako emakumearen kasua argitzeko, Elkarrekin Donostiak ohiko mozio bat erregistratu du. Mozioaren bidez udalak Gipuzkoako Aldundiari kasua ikertzeko eskaera luzatzea proposatu dute.
Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiako bozeramaileak ekimen bat defendatuko du Maria Valiente Elkarrekin Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailearekin batera; izan ere, gaurko osoko bilkuran interpelazioa egin dio foru erakundeari arrazoi beragatik.
Elkarrekin Donostiak duela pare bat hilabete salatu zituen DomusVi enpresaren “eskandaluak”, eta adinekoen zaintza “euren bizitzekin negozioa egin nahi duten enpresarien” esku ez uzteko eskatu zuten. Mozio horrek kontrol handiagoa eskatzen zion Aldundiari, eta aurrera egin zuen Udal Gobernuaren babesarekin. Horregatik, Aranetak Udalbatzari eskatuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiari ikuskapen zehatzak egiteko, DomusVi taldeak kudeatzen dituen Berra eta Villa Sacramento egoitzetan egoiliarrei zerbitzu egokia ematen zaiela bermatzeko.
Gainera, foru erakundeak zentroek behar bezala funtzionatzeko behar dituzten baldintzei buruzko azterketa bat egin eta argitara dezala eskatuko du (langile kopurua, horien kualifikazioa, lanaren antolaketa eta abar). Azkenik, egoitzetako langileekin aspalditik dagoen lan gatazka konpontzeko behar diren ekintzak garatzeko eskatuko du, langileen lan eskubideak eta Gipuzkoako egoitzetan bizi diren pertsonentzako beharrezko zaintzak betetzen direla bermatzeko.