Eguzki eklipsea, Donostiatik ikusgai
Eguerdi partean buru altxa eta zerura begiratu duten donostiarrek irudi bitxi batekin egin dute topo: eguzkiari zati bat falta zitzaion! Ez, eguzkiari ez dio inork kosk egin, eguzki eklipsea zen. 11:00etatik 13:00etara egon da ikusgai gutxi gorabehera, eta partziala izan da, ilargiak ez baitu eguzki osoa tapatu. Hain zuzen, eguzkiaren %20 inguru tapatzera heldu da ilargia.
Eklipseak noizean behin gertatzen diren fenonemoak dira, eguzkiaren eta ilargiaren ibilbideek bat egiten dutenean. Hego Euskal Herrian ikusi ahal izan zen azken eguzki eklipse partziala 2017ko abuztuaren 21ekoa izan zen, baina ez zen erraza izan ikusteko, eguzkia ezkutatzen ari zenean izan baitzen. Penintsulatik ikusi ahal izango den hurrengo eklipsea 2022ko urriaren 25ekoa izango da. Bestalde, Donostiatik ikusi ahal izango den hurrengo eguzki eklipsea 2026ko abuztuaren 12koa izango da, eta beste bat egongo da 2027ko abuztuaren 2an. Hurrengo urtean, 2028an, eraztun formako eklipse bat ikusi ahal izango da.
Eklipse partzialak ohikoagoak dira, hiruzpalau urtean behin ikusi ohi baitira. Eraztun formakoak eta osoak, aldiz, ez dira horren ohikoak: Donostiatik ikusi ahal izan zen azken eraztun formako eklipsea 2005ean izan zen. Espainiako Estatuan ikusi zen azken eklipse osoa, aldiz, 1959an izan zen, baina soilik Kanaria uharteetaik ikusi ahal izan zuten. Penintsulatik ikusi ahal izan den azken eklipse osoa 1912koa izan zen.