Sare sozialetan zentratuko da aurten sexu abusuen aurkako udalaren kanpaina
Zortzigarren urtez, uda iristearekin batera, Donostiako Udaleko Berdintasun sailak sexu erasoei “aurrea hartzeko eta aurre egiteko” kanpaina abiatu du. Normalean, jaietan gertatu ohi diren erasoei begira egiten dute kanpaina, baina aurten, pandemia dela eta, ez direnez jaiak ohiko moduan egingo, sare sozialetan zentratuko dute kanpaina. “Kanpaina hauek duela 8 urtetik ari gara antolatzen, eta gaur egun ere behar-beharrezkoak dira; are gehiago, azken asteotan hainbat salaketa egin dira herrialdean, eta, zoritxarrez, Donostian ere bai”, adierazi du Ane Oiarbidek, Berdintasun zinegotziak.
“Jaietako ospakizunak dira erasoek, ukituek, iruzkin matxistek eta abarrek beren soroak dituzten guneetako bat. Baina emakumeok, emakume izateagatik, erasoak jasaten ditugu era guztietako espazioetan, lan eremutik hasi eta sare sozialetara, non jazarpena adin txikiagoko pertsonekin egiten den”, gaineratu du Oiarbidek. Horren harira eman dituen datuen arabera, 2018an 1.161 biktimizazio salaketa izan ziren Espainiako Estatuan, eta horien %83,2 Internet bidezko eraso matxistengatik izan ziren. Era berean, gogoratu du 2019an Ertzaintzak 422 salaketa bildu zituela familiatik kanpoko sexu indarkeriagatik, gehienak 30 urtetik beherako emakumeenak. “Horri gehitu behar zaizkio salatzen ez diren kasu asko, batez ere lan eremuan, sexu mesedeak eskatzeaz gain ahozko abusu matxistak eta bestelako jazarpenak jasaten baitira”, salatu du Oiarbidek.
“Aurrekari guztiak kontuan hartuta, argi dago horrelako kanpainak bultzatzen jarraitu behar dugula, gogorarazteko emakumeak ez garela objektuak, gure eskubideak eta askatasuna gauza guztien gainetik daudela eta ez ezetz dela, ñabardurarik gabe”, azpimarratu du zinegotziak. Horrela, kanpainak abendura arte iraungo du, eta hainbat eremu bereizi ditu: lan esparrua, kirol jarduerak, eta abar. Era berean, azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan kanpaina indartuko dutela iragarri dum Oiarbidek.