Antondegiko surf parkea, denon ahotan
Urte hasieratik, donostiar guztien ahotan dago Martuteneko Antondegi gainan Wavegarden enpresak garatu nahi duen surf parkearen proiektua, eta eragile ugari mobilizatzen hasi dira.
Martuteneko Antondegi gaina da Donostian gelditzen diren berdegune gutxi horietako bat, eta hiriko gerriko berdearentzako eremu garrantzitsua da, azken hilabeteotan hiriko hainbat elkarte kontserbazionistek –Haritzaldek, Eguzkik eta Itsas Enarak, esaterako– nabarmendu dutenez. Hain zuzen, 97 hektareako berdegune zabala da, eta beste animalia batzuen artean, 100 hegazti espezietik gora behatu dituzte han; besteak beste, galtzeko arriskuan dagoen miru gorria.
Hala ere, Donostiako Udalak proiektu bat baino gehiago garatu nahi izan du eremu horretan. Hain zuzen, Odon Elorza alkatearen udal gobernua izan zen ingurua eraldatu nahi izan zuen lehenengoa. 2007an, Antondegiko 96 hektareatan hirigintza proiektu bat garatzeko asmoa agertu zuen. 2010ean, lurrak desjabetu zituzten, eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean txertatu zuten proiektua.
2020an, ordea, Eneko Goia alkatearen udal gobernuak Plan Orokorra aldatzeko prozedura abiatu zuen, eta etxebizitzak egin beharrean, lurrak birkalifikatuko dituzte bizitegi eta industria erabilera kentzeko, eta hektarea batzuk kirol instalazio bat jartzeko egokituko dituzte: olatu artifizialen surf parkea. Wavegarden enpresa gipuzkoarra da proiektuaren sustatzailea, aspalditik baitu surf parkea Donostian kokatzeko asmoa, eta udalak begi onez ikusi izan du hasieratik. Hain zuzen, 2017ko ekainean, surf parkea Altzan edo Zubietan jartzeko aukera aztertzen ari zirela adierazi zuen prentsaurreko batean Ernesto Gascok, orduko Sustapen Ekonomikoko zinegotziak. Horrela, urtarrileko udalbatzarrean Antondegiko surf parkearen inguruan eztabaidatu zuten, eta udalbatzaren gehiengoa proiektuaren alde agertu zen.
Askotariko eragileak, aurka
Proiektuaren berri izan bezain laster, gizarte eta ingurumen arloetako eta surf munduko zenbait eragile eta norbanako mobilizatzen hasi ziren, Antondegiko surf parkea gelditzeko. Horrela, Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan plataforma sortu dute Surfrider Foundation Europe, Eguzki, Fridays for Future, Haritzalde, Parkea Bizirik, Itsas Enara eta Bizilagunekin eragileek, beste hainbat elkarteren eta surfaren munduko norbanako ugariren babesarekin.
Change.org/antondegiberdea atarian proiektuaren aurkako sinadura bilketa egiten ari dira, eta astekari honen edizioa ixteko orduan, ia 3.500 sinadura zituzten. Eragileek salatu dute surf parkeak «ondorio kaltegarriak» sortuko lituzkeela hirian, eta, horregatik, proiektua gelditzeko mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute.