Bizpahiru aste barru hasiko dira orduko 30 kilometroko abiadura muga gainditzen dutenei isunak jartzen

Hilabete pasa da Donostia “30 hiria” izatera pasa zenetik, hau da, hiriko bide gehienetan abiadura muga orduko 10 eta 30 kilometrokoa izatera pasa zenetik. Aste hartan hasi ziren abiadura muga berria adierazten zuten seinaleak jartzen, eta udalak jakinarazi zuen gutxi gorabehera hilabete emango zutela seinaleak hiri guztitik jartzen, eta guztiak jarri ostean hasiko zirela isunak jartzen.
Ordea, oraindik ez dituzte seinale guztiak jarri, eta udaleko iturriek hedabide honi azaldu diotenez, oraindik ez dira isunak jartzen hasiko. Hain zuzen, aurreikusten dute bizpahiru aste barru bukatuko dutela seinaleak jartzen, eta orduan hasiko dira abiadura muga gainditzen dutenei zigorrak ezartzen. 100 eta 600 euro arteko isunak izango dira, eta gehienez sei puntu kenduko dizkiete muga gainditzen duten gidariei. Hala ere, radar mugikorraren kokapenak publikoa izaten jarraituko du, udalaren arabera; Donostia.eus webgunean kontsultatu daiteke egunero kokapena.