Urumea garbituko dute larunbatean
Donostiako Udaleko Ingurumen sailak eta Arrauning elkarteak elkarlanean antolatuta, Urumea ibaiko garbiketa kolektiboa egingo dute bihar, hilaren 12an. Ibaian aurkitzen dituzten pneumatiko guztiak kentzeko helburuarekin egingo dute garbiketa, eta kanoaz zeharkatuko dituzte Urumeako urak.
10:30ean abiatuko dira Loiolatik, eta Martutene alde abiatuko dira. Bi ordu inguru emango dituzte Urumea garbitzen; ez da beharrezkoa aurretik kanoan ibiltzen jakitea. Parte hartu ahal izateko, izena eman beharra dago, ingurumena@donostia.eus helbide elektronikora idatzita, izen-abizenak, telefono zenbakia eta NAN zenbakia adieraziz.
Udalaren Zero Plastik kanpainaren barruan egingo dute garbiketa saioa, joan den astean Ulian egin zuten moduan. Hirian plastikoaren kontsumoa %17 murrizteko helburuarekin abiatu dute kanpaina. Urumeakoaren ondoren, hilaren 27an, beste garbiketa saio bat egingo dute, baina hori Igeldon izango da, 11:00etatik 13:00etara.