Antzerkia Donostiako kaleetara itzuli da
Pandemia dela eta 2020ko udan bertan behera gelditu ondoren, Antzerkia Kalean egitasmoa Donostiara itzuli da, eta hainbat antzezlan egingo dituzte hiriko kale eta plazetan irailaren 10era arte. Bidebietako Salvador Allende parkera heldu da gaur Antzerkia Kalean programa, eta haurrentzako Organik obra taularatu du Ameztu antzerki taldeak. Eguraldiak lagunduta, giro aparta izan da haurren zein helduen artean, herritarrek kalean bizitza egiteko eta kulturaz gozatzeko duten gogoaren seinale.
IRUTXULOKO HITZA Bidebietan egon da, eta bideoan jaso du Salvador Allende parkeko giroa, baita Ameztu antzerki taldeko David aktorearen hitzak ere:
Udako hilabeteetan hemezortzi antzerki eta dantza konpainiaren 25 emanaldi egingo dituzte Donostiako auzoetako plaza, kale eta parkeetan, eta horietako 21 antzerki obrak izango dira. Aieten, Altzan, Amaran, Antiguan, Bidebietan, Egian, Grosen, Intxaurrondon, Igeldon, Loiolan eta Martutenen egingo dituzte ikuskizunak. Antzerkia Kalean egitasmoko egitarau osoa Donostia Kulturaren webgunean kontsultatu daiteke.