Donostian habia egin duen kaio beltzen bikotearen txitak jaio dira
Azken bi urteotan (2019an eta 2020an) Santa Klara uhartean habia egin eta txitak arrakastarik gabe aurrera ateratzen saiatu ostean, Gipuzkoako kaio beltzen bikote ugaltzaile bakarra Donostiara itzuli da aurten ere, baina ez irlara. Hain zuzen, Itsas Enara ornitologia elkarteak maiatzan jakinarazi zuen irla baino seguruagoa den Uliako itsaslabar batean egin zutela euren habia, eta txitak jaio direla jakinarazi du orain.
Irlan egindako azken bi habien kasuan, txitek ez zuten biziraun, hainbat herritarrek sortutako eragozpenengatik. Horregatik, Itsas Enararen arabera, aurten bizirauteko aukera gehiago dituzte kaio beltz txikiek, habia egin duten itsaslabarrera iristea ez baita erraza. Gure kostaldean ez daude kaio beltz asko; iaz, esaterako, soilik hiru bikote ugaltzaile behatu zituzten inguruan: bi Bizkain eta bat Gipuzkoan (Donostian).