Egiako parkeko paumek txitak izan dituzte
Azken asteotan, udaberria hasi zenetik, Egiako eta Loiolako Erriberako bizilagunek eta Kristinaeneatik gertu pasa diren donostiarrek paumen oihuak entzungo zituzten, ugalketa garaian izan baitira. Bere fruituak eman ditu horrek, eta bi pauma txiki jaio dira parkean, gutxienez. Pauma arrek eta urmaeleko ahateek distantzia jakin batetik begiratzen dituzten bitartean, hor dabiltza marroi koloreko txitak, etengabe janari bila, amarengandik asko urrundu gabe.
Oraindik ezin da jakin txitak arrak ala emeak diren, oraindik ez baitzaizkie hazi pauma helduen luma adierazgarriak. Ez da parkean paumen txitak jaiotzen diren lehenengo aldia; 2017an, esaterako, lau txita jaio ziren. 2007an ere hainbat pauma txiki jaio ziren, baina batzuk “desagertu” egin ziren.
Hain zuzen, gogoratu behar da paumek bizitokia dela Egiako parkea, eta parkearen barrutik askatasunez mugitzen direla. Horregatik, herritarrek animalien espazioa errespetatu behar dute, eta, noski, ez dira gehiegi hurbildu behar, ezta animaliak ukitu edo jazarri ere.
Jarraian, pauma emearen eta bere bi txitoen irudiak, bideoan: