Mikel Alonsok bere anaia Xabirekin batera entrenatuko du Reala B
Realak jakinarazi duenez, Mikel Alonso jokalari ohia Reala B-ko talde teknikoko kide izango da datorren denboraldian; hain zuzen, hirugarren entrenatzailea izango da. Bere anaia Xabi da taldeko lehenengo entrenatzailea, beraz, garai batean jokalari gisa Zubietan elkarrekin egon ziren moduan, bi anaiak elkarrekin egongo dira berriz Zubietan, baina entrenatzaile moduan oraingoan. “Mikel Klubera itzuliko da Sanseko hirugarren entrenatzaile gisa bere ezagutza eta esperientzia emateko, orain lan teknikoetan. Hirugarren entrenatzaile izateaz gain, garapen indibidualeko unitatean ere arituko da”, azaldu du klub txuri-urdinak.
Mikel Alonso izango da talde teknikoko berritasun bakarra, gainontzeko kideak orain arteko berdinak izango baitira: Xabi Alonso izango da lehenengo entrenatzailea, Sebas Parrilla bigarrena, Jon Aleman atezainen prestatzailea, Oier Agirrezabalaga prestatzaile fisikoa, Iñigo Cortes analista eta Aitor Mosqueira delegatua.