30 bat pneumatiko jaso dituzte Urumea ibaiko garbiketa saioan, besteak beste
Donostiako Udalak eta Arrauning elkarteak antolatuta, Urumea ibaia garbitzen aritu dira goizean 22 bat lagun, kanoatan muntatuta. Unai Elizasu Arrauningeko arduraduna “pozik” agertu da, eta nabarmendu du “garbiketa izugarria” izan dela: “Batetik, jendearen jarreragatik, txapela kentzeko modukoa izan baita. Bestetik, ia 30 pneumatiko, plastiko zati ugari, hainbat burni zati, panpinak eta beste hainbat objektu jaso ditugulako”.
Azaldu duenez, Martutene inguruan egin dute garbiketa nagusia: “Itsasbehera genuenez, ezin izan dugu Martutenetik gora jarraitu, eta beraz, Martutene inguruan aritu gara garbitzen”.
Udalaren Zero Plastik kanpainaren barruan egin dute garbiketa saioa, joan den astean Ulian egin zuten moduan. Hirian plastikoaren kontsumoa %17 murrizteko helburuarekin abiatu dute kanpaina. Hilaren 27an beste garbiketa saio bat egingo dute, baina hori Igeldon izango da, 11:00etatik 13:00etara.