Bi pertsona atxilotu dituzte asteburuan Donostian, eta istilu batzuk izan dira
Ertzaintzak jakinarazi duenez, bi pertsona atxilotu zituzten Donostian igande goizaldean (larunbatetik igandera gauean), desordena publikoak eta kalteak egin izana leporatuta. Ertzaintzaren arabera, goizeko bostak aldera “kalean edaten ari zen pertsona talde handi bat” jarduketa bat egitera zihoazen ertzain batzuei “botilak botatzen” hasi ziren, Grosen.
Talde horretako hamar bat pertsona Parte Zaharrera joan zirela dio Ertzaintzak, eta kale batzuetan hainbat “edukiontzi gurutzatu” zituztela, baita batzuei “su eman” ere. Horrela, ertzainek bi pertsona atxilotu zituzten, horietako bat adin txikikoa, ustez istiluetan parte hartu izanagatik. “Suhiltzaileen laguntza behar izan zen San Juan eta Erregina Erregeordea kaleetan eta Sarriegi plazan sutan zeuden edukiontziak itzaltzeko”, gaineratu du Ertzaintzak.