Donostiako etxebizitza hutsen %80 enpresa eta jabe handien eta putre funtsen eskuetan daudela salatu du Ezker Anitzak
Donostiako Udalak Ogasun batzordea egin du gaur goizean, eta Haizea Garai Elkarrekin Donostiako zinegotziak etxebizitza hutsen egoerari buruz galdetu dio Ogasuneko zinegotzi Jaime Dominguez-Macayari. Etxebizitza hutsak dituzten jabeei ordaingari bat helarazten zaie urtero, higiezina hutsik izateagatik ordaindu beharrekoa adierazita. Ogasuneko zinegotziak emandako datuen arabera, 2020an halako 1.071 ordainagiri igorri zituen udalak, horietako 845 pertsona juridikoei eta 226 pertsona fisikoei. “Beraz, jabetza huts horien %80 inguru sozietate, enpresa, jabe handi eta, nola ez, putre funtsen esku egongo litzateke, ahalik eta etekin espekulatibo handiena ateratzeko zain, eta hori, alokairu bat ordaintzeko aukerarik ez duten eta babes ofizialeko etxebizitzen zerrendetan sartzeko itxaron zerrendak osatzen dituzten pertsona eta familien kopuruaren aurrean”, salatu du Garaik.
“Etxebizitza turistikoak ugaritu egin dira, eraikinak eraiki eta hotel bihurtu dira, putre funtsak hirian sartu dira eta abar. Fenomeno horiek guztiek erosketako eta alokairuko etxebizitzen prezioak garestitu besterik ez dute egiten, eta horiei etxebizitza huts asko gehitu behar zaizkie”, gaineratu du oposizioko zinegotziak. Ildo horretatik, Ezker Anitzak –Garai Ezker Anitzakoa da, Elkarrekin Donostia koalizioan badago ere– ohar bidez gogoratu du maiatzean hiriko etxebizitza hutsen bilakaerari buruz hitz egin ziola Garaik Hirigintzako zinegotzi ordezkariari, eta “eskatutako datu gehienak ezagutzeko gaitasun eza” argudiatu zuela hark. Horregatik galdetu dio gaur Dominguez-Macayari gaiaren inguruan: “Udal honek bere ordenantza fiskalen bidez badu tresna bat, OHZren [Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga] errekargua etxebizitza hutsei, eta horren bidez jakin daiteke zenbat etxebizitza huts dauden hirian eta noren esku dauden. Eta hortik aurrera, etxebizitza hutsak alokairuaren merkatuan jartzeko neurriak ere har ditzake”, azaldu du Garaik.
Bestalde, 2020an soilik 1.071 ordainagiri igorri izana “harrigarria” dela azpimarratu du koalizioko zinegotziak, duela bi urteko Etxebizitzaren Udal Planaren arabera, Donostian 3.885 etxebizitza huts inguru zeudela kalkulatzen baitzen. Ordea, Ezker Anitzak nabarmendu du etxebizitza hutsak dituzten pertsona askok salbuespen legalei heltzen dietela, ez ordaintzeko: “Besteak beste, higiezinaren katastro balioa 225.000 eurotik beherakoa izatea”. Ildo horretatik, “gainordainetik libratzea ahalbidetzen duten pribilegio horiekin guztiekin amaitu behar da, zeren eta pribilegio horiek etxebizitzak alokairuaren merkatura ez ateratzea eragiten dute”, adierazi du Garaik.