Pasaia eta Donostia lotuko dituen itsas zeharkaldi berria sortu dute
Baleazaleen Zeharkaldia izeneko itsas zeharkaldia sortu dute, eta uztailaren 4ean egingo da Pasaiaren eta Donostiaren artean. 5,3 kilometroko luzeera izango du zeharkaldiak, eta hiru kontrol puntu izango dira: 1,5. kilometroan, 3.ean eta 4.ean. Bestalde, 2,5. kilometroan anoa postua egongo da. Antolatzaileek adierazi dute segurtasuna izango dela haien lehentasuna. Hau dela eta, antolakuntzak segurtasuna bermatzeko dispositiboa antolatuko du.
San Pedroko itsasargitik abiatuko da zeharkaldia, eta Zurriola hondartzan amaituko da. Neoprenoarekin edo gabe lehiatu ahal izango da, eta lehenengo 80 minutu baino gutxiago iraungo duten igerilariak abiatuko dira. Oraindik izena emateko epea zabalik dago, eta haien webgunean eman daiteke izena.
Zeharkaldi berdea
Itsasoak eta ozeanoak plastikoz josita daude, eta Baleazaleen Zeharkaldiak ekitaldia ahalik eta berdeena izatea nahi du. Hau dela eta, SB Buoyrekin batera mikroplastikoak modu pasiboan iragazteko sistemak ezarriko dituzte, eta gutxienez 15 kg hondakin jasotzea aurreikusi dute. Bestalde, Ulian ere zabor jasoketa kolektibo bat antolatzeko asmoa dute.