Plastikoa albo batera utzi eta egurrezko dominak banatuko ditu Behobia Donostiak
Azaro honetan zapatilak jarri eta korrikalariak Behobia eta Donostia lotzera itzuliko dira berriz ere, joan den urtean koronabirusa dela eta lasterketa bertan behera geratu ostean. Aurten, baina, ohiko metalezko eta plastikozko dominak banatu beharrean, Fortuna Kirol Elkarteak antolatutako Behobia Donostia lasterketan egurrezko dominak banatuko dituzte, “karbono aztarna” murrizteko asmoz. Bestalde, dominak egiteko erabiliko duten egurra baso jasangarrietatik aterako dute.
Erabaki hau Donostiako Udalaren Zero Plastik kanpaina laguntzeko hartu dute; kanpaina hau ekainean egiten ari da, eta besteak beste, Donostiako hainbat naturgune garbitzen ari dira. Joan den ostiralean egin zen Donostia Plastikorik Gabe Adierazpena, eta Behobia Donostiaz gain, Donosti Cup ere gehitu zen, baita bestelako elkarte eta enpresak ere: Eroski, Superamara, Mercadona, BM, San Martingo merkatua, Zinemaldia eta Shops Donostia, esaterako.
Behobia Donostia
1919. urtean egin zen lehenengoz Behobia herri lapurtarra eta Donostia Gipuzkoako hiriburua lotu zituen lasterketa. 20,1 kilometroko luzeera du, eta gurpildun aulkian, patinetan eta korrika egin ohi da. 1979. urtetik hona urtero egiten da, baina 2020. urtean bertan behera geratu zen, koronabirusak eragindako osasun larrialdia zela eta. Aurten itzuli egingo da lasterketa, eta azaroaren 14ean egingo da; bihar irekiko da lasterketan izena emateko epea.