Udalak Tenerifeko hilketa matxistak gaitzetsi ditu
Tenerifen (Kanaria uharteak, Espainia) izandako hilketa matxistak gaitzesteko elkarretaratzea egin du Donostiako Udalak Alderdi Ederren, Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) deialdiarekin bat eginez. Hain zuzen, 40 egunetik gora Anna eta Olivia adin txikiko ahizpen eta euren aita Tomas Jimenoren bila aritu ostean, Oliviaren gorpua aurkitu dute berriki, eta beste bien bila jarraitzen dute. Ustez, Jimenok bere bi alabak hiltzeko asmoa zuen aurretik, bere bikotekide ohiari, ahizpen amari, min egiteko helburuarekin.
EUDEL-ek gogoratu du “heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da”. Era berean, zera gaineratu du: “Emakumeenganako indarkeria (bikarioa, psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina”.