Altzako jaietako argazki historikoak, Tomasene Kultur Etxean ikusgai
Jaiak bere horretan egiterik ez dagoen garaiotan, pandemiaren aurretik Altzan udan egon ohi zen giroa gogoratzeko erakusketa antolatu du Altzako Historia Mintegiak Tomasene Kultur Etxean: Altzako udak. Antolatzaileen arabera, erakusketak “azken hamarkadotako festen oroitzapenak gogora ekartzea du helburu, Altzako auzoetako jai batzordeek antolatutako egitarauak omenduz: Larratxo, Buenavista, Herrera, Oleta, Altza Kaskoa, Jolastokieta, San Barbara, Los Boscos, eta abar”.
Horrela, kartel zaharrak eta argazki historikoak ikus daitezke Tomasenen: pregoien momentuetako argazkiak, banderen igoeretakoak eta jaitsieretakoak, San Joan suetakoak, mezetakoak, San Martzial ereserkia abesteko uneetakoak, eta abar. Era berean, argazki, kartel eta programa guztiak Altzako Tokiko Bildumaren webgunean ikus daitezke.
Erakusketa irailaren 3ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik larunbatera. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era bisitatu daiteke astelehenetik ostiralera, eta 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara larunbatetan.