EAEko eraikin eta lokaletako garbitzaileek greba egin dute
Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat herri eta hiritan mobilizatu dira eraikin eta lokal publiko eta pribatuetako garbitzaileak, garbikuntzaren sektorean dagoen soldata arrakala salatzeko; ELA sindikatuaren arabera, greba deialdiak “jarraipen masiboa” izan du, nahiz eta azpisektore batzuei “gehiegizko” gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkieten. Sindikatu abertzalearen arabera, gutxieneko zerbitzu hauek langileen greba eskubidea urratu dute.
ELA sindikatuak azpimarratu du lehen aldia izan dela EAEko eraikin eta lokalen garbikuntzako azpisektore guztiek lehenengoz egin dutela bat greba deialdi batean.
Garbikuntzako soldata arrakala
ELA sindikatuak argitaratutako datuen arabera, EAEn garbikuntzaren azpisektoreen %90a feminizatuta daude, eta maskulinizatuta dauden sektoreetan soldata altuenak daudela gehitu dute. “Kale-garbiketa sektorea maskulinizatuta dago, eta kalean lan egiten dutenez, gehiago irabazten dute langile hauek”, adierazi dute. Kaleko garbitzaileek “lan bera egiteagatik” %33 gehiago irabazten dutela diote, “kalean garbitzeagatik kobratzen duten gehigarria kontuan hartu gabe”.
Soldata arrakalaz gain, lanaldi partzialak nagusi direla azpimarratu du sindikatuak, baita garapen profesionalari trabak ezartzen dizkietela ere. Bestalde, aldi baterako lan kontratuak etengabe luzatzen dituztela adierazi dute, lan osasunaren ikuspegia androzentrikoa dela gehitu dute.
Greba eskubidearen urraketa
Bestalde, ELAk salatu du hainbat azpisektoretako langileei greba eskubidea ukatu diotela gaurkoan, “gehiegizko gutxieneko zerbitzuak” jarri dizkietelako. Zehazki, Osakidetzan, zaharren egoitzetan eta hezkuntzan Eusko Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu.